lunes, 23 de noviembre de 2015

Benito Lertxundi, bihotz-ukigarri


Benito Lertxundik kontzertua eskaini zuen pasa den ostiralean Muskizen. Meatzari Aretoa jendez gainezka, bertaratutako guztiek Orioko Bardoaren errepertorioaz gozatu eta “Bizkaia Maite” kantarekin hunkitu ginen. 

Benito Lertxundiren kantak beti izan dira nire bizitzaren parte. Aitari asko gustatzen zaizkio abeslari oriotarraren kantak eta txikitatik ahizpa eta biok beti entzun izan ditugu etxean. Beraz, Muskizen kontzertua eskainiko zuela jakin bezain laster sarrerak erosi genituen bere musikaz gozatzeko irrikaz

Ez da alferrik Euskal Herriko abeslaririk onenetarikoa. Kontzertuaren hasieratik amaiera arte muskiztar guztiak hunkiarazi zituen, bere disko berriaren kantak ezagutzera emanez eta bere abestirik ezagunenetariko batzuk gogoratuz (Baldorba eta Zenbat Gera, haien artean). 

Oi Ama Eskual Herri, Nire Herriko Neskatxa Maite, Herribehera, Balearen Bertsoak, Maria Solt… faltan bota nituen arren, kontzertua bikaina izan zen. Benitok bere ehuneko ehuna eman zuen, ahots ederra dauka, baina aipatzekoa ere bada bere musikarien trebetasuna. Biolinak, arpak… kantak doinu zirraragarriez jantzi zituzten, bikaintasunez. 

Kontzertu guztian zehar Benito Lertxundik bat egin zuen jendearekin, elkarrekin abestu eta musikaz gozatu genuen, are gehiago muskiztarrek Bizkaia Maite abestia kantatu zezala eskatu genionean. Benito dudarik gabe, gitarra eskuan, abesten hasi zen: “Bizkaia maite, atzo goizean ikusi zintudan, soineko zuriz jantzia, buruan orlegi, bihotzean sua…”. Gogoangarria! 


 
Benito Lertxundi Muskizen
Benito Lertxundi Muskizko Meatzari Aretoan kontzertua eskaintzen.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes