miércoles, 11 de noviembre de 2015

20 urteko ibilbidea

1995eko irailaren 11n abiatu zen Bilboko metroa estrainekoz, 11. hileko 11ko goizeko 11etan hain zuzen. Moyuatik Sarrikora arteko bidaia labur haren ostean beste asko eta asko etorri dira, 14 udalerritan zehar 41 geraleku izateraino. Eta oraindik etorkizunera begira gauzatu beharreko egitasmo ugari dago, metroa herritar gehiagorengana hel dadin. Hasierako zalantzak aspaldi uxatu ziren, Bilboren tamainako hiri batek honelakorik behar ez zuela ziotenek sortutakoak. Gaur egun inork ez du bere baliagarritasuna kolokan jartzen, ezta bi hamarkadotan maila askotan egin duen ekarpena ere. Eneko Arruabarrena bertako zuzendariak esan duenez, Bilbokoa mota honetako garraio zerbitzuen artean onenetakoa da munduan. Eta ez da funtsik gabeko esaldia, edukiz ondo betetakoa baizik.
Metroaren lehen 20 urteak ospatzeko txokolatezko goxoki makiladunak banatu dituzte enpresako arduradunek erabiltzaileen artean, eta hasietarik orain artekoan betetako 20 helburu aipatu dituzte. Horien artekoa da gauezko zerbitzua eskaintzea adibidez, berau baita ordu txiki horietan batera eta bestera ibiltzen den bakarrenetakoa. Orain, aldiz, Londreskoa dabil antzeko zerbitzua eskaini guran. Hala, ikaragarria da Metro Bilbaok bi hamarkadotan lortu duena. 13tik 46ra egin du gora tren-unitateen kopuruak eta horietako 22ri bosgarren bagoia jarri diete, modu honetan jende gehiago hartzeko aukera izanda, 570etik 718ra arteko jauzia eginda hain zuzen.
Teknologia berrien apustuari ere ez dio muzin egin Metro Bilbaok eta, esaterako, oraintsu jarri dira bertan desfibriladoreak, WiFi-a eta pantaila digitalak. Energia aurrezteko baliatutako neurriek ere hainbat fruitu eman dituzte eta, dagoeneko, milioi erdi euro aurreztea lortu da urtero. Hori gutxi balitz, Europako metro garbiena dela azpimarratu du Arruabarrenak, erabiltzaileen aldetik 8,16ko nota jasota gainera. Aurrera begirako xede behinekoenak: Urdulizko geltokia zenbait arinen berriz zabaltzea eta 2016ko hitzarmena finkatzea.
Bilboko metroari buruz hainbat eta hainbat zifra eman litezke, bere garrantziaren berri zehatza ematen dutenak. Bidaia kopurua 1.352.756.501koa izan da, hasierako urteko 31.660.119etatik abiatuta. Zabaldu zenetik 2011n egin zen bidaia gehien, 89.616.398. Egun seinalatuen artean Santo Tomas izan ohi da bidaiari gehien biltzen dituena, 380.000 inguru urterik onenetan. Eta erabiltzaileek gehien baloratzen dituztenen artean garbitasuna, azkartasuna eta puntualtasuna daude.
Bizkaiko hiriburuaren eraldaketan metroa funtsezkoa izan da, askoz erosoago egin baitu bertako eta inguruko udalerrietako biztanleen bizimodua. Kanpotik datozenek Bilboren modernotasuna goraipatzen dute, edertasuna, txukuntasuna. Guggenheim-ek zerikusi handia du horretan, baina Norman Foster-ek diseinatutako garraio zerbitzua ere gehien aipatzen direnen artean dago. Eta ez da harritzekoa, fosteritoak ikusten direnetik jabetzen baita edonor Bilboko metroa berezia dela, balio erantsia duen horietakoa.
Zabaldu zenetik igaro diren hogei urteok hasiera besterik ez dira, etorriko diren askoren abiapuntu. Bilbotarrak, eta bizkaitar guztiak, oso harro daude euren metroaz, eta honekin batera hiriburuak eta lurralde osoak izan duten aldaketa sakonaz. Bilboren tamainako hiri batek honelako azpiegitura bat behar zuela zalantzan jartzen zutenek aspaldi jaso zuten erantzuna. Ez zuten jakin hiriaren tamaina neurtzen.

   

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes