sábado, 24 de octubre de 2015

Ordubete gehiago

Urriaren azkenak ordu aldaketa dakar, dagokion igandeari 60 minutu gehitu beharra. Horren ostekoa da azaroko iluntasuna, arratsalde erdietako gaua. Gogorra egiten da argi gutxirekin ekitea, urtaroaren, ordutegiaren eta eguraldiaren eraginez. Goibeldu egiten du eguzkia lagun ez izateak. Baina introspekziorako da egokia, zentzu guztietan muinera begiratzeko, etxean ordu gehiago egiteko eta barruan daramatzagunei erreparatzeko. Etorriko da berriz udaberria, argia, baina horretaz bete-betean gozatzeko udazken-negukoari egin behar zaio aurre lehenik, garenarekin topo egite horri. Hilaren 25eko 3:00etan 2:00ak dira berriz, Europako Batasuneko biztanleek udako ordutegia atzean utzi eta negukoari helduko baitiote.
Atzera egite hau Ordu Aldaketaren Europako Zuzentarauaren ondorioz behin betikotu da, energia aurrezteko helburua duena, eta petrolioaren lehen krisiaren eraginez hasi zen indarrean jartzen, 1974tik aurrera. Zenbait herrialdek ordua aurreratzea deliberatu zuten sasoi hartan, eguzkiaren argia hobeto baliatu eta argiztatze zereginetan elektrizitate gutxiago kontsumitzeko. 1981etik aurrera zuzentarau gisa ekin zitzaion neurri honi, eta lau urtero berretsi zen. Dena den, Europako Parlamentuak eta Batasuneko Kontseiluak Bederatzigarren Zuzentaraua onartu ostetik, 2001etik, aldaketa berezkoa eta mugagabea da. Hala, udako ordutegia martxoko azken igandean abiatzen da, eta negukoa urrikoan.
Ordu aldaketa askoz lehenagotik dator baina, aurreko mendeko bigarren hamarkadatik. Alemania izan zen erlojuaren orratzak atzeratu zituen lehena, Lehen Mundu Gerrak iraun zuen bitartean ikatza aurrezteko. Inguruko herrialdeek erabaki bera hartu zuten nahiz eta, aipatu bezala, ez zen modu jarraituan egin 70. hamarkadara arte. Espainiak, bestalde, kokagunez dagokion GMT ordua Bigarren Mundu Gerran zehar aldatu zuen Francoren aginduz, 1942an, Alemaniaren ordu bera izateko, eta geroztik hor jarraitu du, nahiz eta Erresuma Batua, Irlanda, Portugal eta Kanariar Uharteen ordua izan beharko lukeen.
Biziki eztabaidatu izan da ordu aldaketak energiari dagokionez ahalbidetzen duen aurrezkiaren zenbatekoaz. Hala, Dibertsifikazioaren eta Aurrezki Energetikoaren Institutuaren arabera, argiztatze kontuetan %5 aurreztu liteke Espainian, egungo prezioen araberako 300 bat milioi euro. Europako Batzordeak landutako txosten baten arabera, ordu aldaketak, aurrezkiari mesede egiteaz gain, onerako eragiten du garraio sektorean, komunikazioetan, errepideetako segurtasunean, lan baldintzetan eta bizitzeko moduetan, osasunean, turismoan eta aisialdian.
Beste hainbat aditu ez datoz bat uste horrekin, argiaren eraginez goizetan aurrezten den energia iluntzetan doala baitiote. Halaber, gizakion gorputzak aldaketa barneratzeko egun batzuk behar dituela nabarmentzen dute ordu aldaketaren aurkakoek, horrek 'jet lag' antzekoa eragiten duelako, udaberrian ekialderanzko bidaia txiki antzekoa eginez, eta udazkenean mendebalderanzkoa. Iritziak iritzi, oraingoz urtaroen araberako ordu aldaketari eusten zaio, eta ez du ematen luzaroan neurri hori Europa mailako agintarien artean eztabaidagai izango denik.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes