martes, 6 de octubre de 2015

Lanean, eta pobre

Egoera ekonomikoarekiko pertzepzioak oso pertsonalak dira askotan, norberaren eta ingurukoen nondik norakoen araberakoak. Horrek ez du errealitatea aldatzen, jakina, ezta gaizki dabiltzanenganako sentiberatasun maila ere. Baina arazo zehatz batekiko urruntasunak perspektiba falta eragiten du, eta horregatik da hain garrantzitsua dagoenaz jabetzea eta horren berri zuzena izatea. Pobreziari buruz noizean behin lantzen diren txostenek, esaterako, arazo larri horren ingurukoak hurbilarazten dizkigute, krisi ekonomikoaren amaieratik zenbateraino gauden ez ahazteko. Oraingoan Caritas izan da Biztanleria Aktiboaren Inkestan (EPA) jasotako hainbat datu nabarmendu dituena, horiez ohartarazteko. Bat, hauxe: lanean ari direnen %14 pobreak dira eta ez dira urtero 7.700 euroko diru-sarreratara heltzen. Hala, krisiarekin txiro izatea "merkeagoa" dela adierazi dute talde katoliko honetako kideek.
Azken urteotan "egonkortu" ei da Caritasen esku dagoen jende kopurua, krisi ekonomikoa abiatzean pobrezia azkar gehitzen delako eta berau amaitze bidean jartzerakoan, aldiz, beherakada "oso geldoa eta txikia" baita. Talde honek 2014ko bere memoria plazaratu berri du, 2013. urteari dagozkion Espainia mailako datuekin. Horren arabera, 2,17 milioi lagun hartu zituen Caritasek, aurreko urtean baino 200.000 gutxiago, eta horietako %53 norbaitek lan egiten zuen etxeetan bizi ziren. Gainera, %62 egoera oneko auzoetakoak ziren. Argi dago, beraz, lana izateak ez duela txirotasuna urruntzea bermatzen, lan baldintzak sarritan ezin txarragoak direlako, behin behinekotasunezkoak.
Caritaseko arduradunen berbetan, "60. hamarkadatik enplegua gizarteratzeko bidea izan den arren, gaur egun ez da nahikoa, eta babes sozialeko politikak beharrezkoak dira". Lanik gabe daudenak Caritasek hartutako etxeetako %65,8 dira, eta horietako hiru laurdenak epe luzeko langabeziak jota dabiltza. Pobrezia kronifikatzea dakar luzaroan behar egin ezinik ibiltzeak, aukerarik gabe bizi behar izateak. Horiek ez dute kontraturik izateko modurik, ezta bizirauteko nahikoak ez direnetakoetarako ere.
Usteak ustel, urteek aurrera jo ahala gero eta gutxiago dira Caritasen esku jartzen diren etorkinak. Onuradunen %73 espainiarrak dira edo Europako Batasunekoak, eta %26,6 beste herrialde batzutakoak. Horietako guztietako %53 seme-alabak dituzten bikoteak ziren, %19,3 buru bakarreko familiak, eta %11,3 seme-alaba gabeko bikoteak. Gainera, pobrezia belaunaldien artekoa bihurtzen ari dela nabarmendu zuten aipatutako taldeko kideek, guraso pobreak dituztenek pobre izateko askoz aukera gehiago dituztela eta.
Erakundeen zereginari dagokionez, Caritasera jo zuten etxeetako %59 lehenengo zerbitzu sozial publikoetara hurbildu ziren, eta han behar dutena aurkitu ezean doaz gero datuak ezagutzera eman dituen elkartera. Honek 305 milioi euro baliatu ditu laguntzetan, eta bereganatutakoaren %73 talde pribatuetatik jaso dute. Guzti honek pobreziaren erradiografia antzekoa egiteko aukera ematen du, Espainia mailakoa. Eta argi dago oraindik krisi ekonomikoa jende asko eta asko gogor astintzen ari dela.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes