viernes, 30 de octubre de 2015

Hogeita bost urte bizkaieraz

Euskaraz diharduten hedabideena ez da meritu makala, beste hizkuntzetako itsaso zabalean igerian aritu beharra zeharo gogorra baita. Are gehiago krisi ekonomikoak bazter guztiak hartu dituenean, eta sasoi bateko bezeroen arrastorik ere ez dagoenean. Gaztelerazko, frantsesezko edo ingelesezko eskaintza hain da aberatsa eta anitza euskarazkoei oso zaila egiten zaiela aurrera jarraitzeko ezinbesteko duten espazioa bilatzea. Baina horretan ari dira hainbat eta hainbat, egunero ahalik eta zerbitzu onena eskaini eta ikusle, entzule eta irakurleekin duten harremana etengabe estutzeko ahaleginean. Horietakoa da Bizkaia Irratia, bertoko euskalkia baliatuta mende laurden ekinean daramana. Euskaraz plaza erdian jartzea zaila bada, areago bizkaieraz egiten denean. Baina ez dute etsi, eta sasoiko heldu dira 25. urteurrenera.
Mendebaldeko euskara oinarritzat hartuta, Bizkai osora ezezik mugako eskualdeetara heltzen da bere eragina, Debagoiena, Debabarrena eta Aramaio inguruetara esaterako. Egoitza Bilbon dauka, Fontecha y Salazar kalean, eta bertatik zabaltzen du bere lana, mota guztietako programen bitartez. Aktualitatea ardatz nagusia bada ere, bestelako asko baditu Bizkaia Irratiak, musika, lehiaketak, zorion agurrak, solasaldiak eta askoz gehiago. Sasoi bateko euskarazko Bilbo Herri Irratian du jatorria, duela 25 urte bizkaieraren sustapenaren mesedetan berregokitutakoan. FMko frekuentzietan dihardu, eta bere jatorrizko konpromisoari eutsi dio bi hamarkada eta erdi hauetan, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Hain urtemuga seinalatua ospatzeko, Bizkaia Irratiak 25 orduko saio berezia prestatu du, urriaren 30eko goizeko 11etatik 31ko eguerdira bitartekoa. Bertan lanean ari direnen ahalegin berezia eskatu du horrek, baina gogotsu ekin diote, lorpena ez baita edonolakoa. Saio horretan denetarik dago. Esaterako, irratiaren sorreraz mintzatu dira Juan Mari Iraolagoitia, Libe Agirre, Mikel Astelarra, Dorleta Alberdi, Itziar Zarandona eta Koldo Isusi, orduko hartan gertatutakoez gogoeta egiteko. Saio luzean zehar bestelako askok ere hartuko dute parte, Marino Lejarreta, Genar Andrinua, Gontzal Mendibil, Maialen Lujanbio, Sidney eta Tokioko Euskal Etxeak, Boiseko unibertsitatea ete beste asko tarteko.
Euskara batua eta bizkaiera elkarren osagarri dira ezinbestean, eta elkar aberastekoak. Biak ezagutzeak bestelako maila ematen die bertoko euskal hiztunei, bizkaiera mami handiko euskalkia delako, nortasun betekoa. 1968.ean Arantzazun egindako urratsa, batasunaren aldekoa, ezin garrantzitsuagoa izan zen euskararen biziraupena bermatzeko, baina euskalkiak behar ditu beti ondoan, horiek biziberritzen eta herritartzen dutelako. Antzuak dira, beraz, baten ala bestearen aldeko eztabaidak, biek dutelako lekua, euskarak denak behar dituelako. Norbere euskalkia ondo ezagutzea tresna ezin hobea da batua ondo menderatzeko eta janzteko.
Horretan zeharo lagungarri izan da azken 25 urteotan Bizkaia Irratia. Sekulako lana egin du bertako lantaldeak, euskaldun orok biziki estimatu beharko lukeena. Ospakizun honek hainbat gauzatarako balio behar luke, egindako guztia aintzat hartzeko, bizkaieraren aldeko jarduna indartzeko eta, etorkizunari begira, hain txukun lan egin dutenei onena opatzeko. Meritu handikoa baita egunez egun egiten ari direna.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes