lunes, 12 de octubre de 2015

Aro digitalean barrena

Digitala ez dena ez da izango. Gehiegitxo esatea dela ematen du, baina horrenbesterainokoa da internetek bizitzaren arlo guztietan duen garrantzia, eta batik bat etorkizunean areago izango duena. Hedabideei dagokienean, esaterako, sarean nagusi diren hizkuntzek asko izango dute aurreratua, horko indarra beste hainbat esparrutakoaren isla izango delako. Mintzaira handiek ziurtatua dute azken zirrikituraino batean zein bestean agertzea, ez ordea bizirauteko ahaleginetan ari direnek, babes beharrean daudenek. Euskararen egoerak hobera egin du nabarmen azken hiru hamarkadotan, eta sasoi bateko larritasunek sustapenaren ondoriozko nolabaiteko lasaituari utzi diote lekua. Premia gorrienak gaindituta, benetako elebitasunarena da aurrera begirako apustua, euskara bazter guztietaraino eramatekoa.
Euskara eta internet ezinbestean lotu behar dituztenen artean daude hedabideak. Eta hiru osagaioi dagozkien berri ona zabaldu da azken egunotan. Hala, euskal hedabide ez publikoetako audientziak %60 egin du gora azken bi urteotan, Hekimen elkarteak jakinarazi duenez. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, itxaropena mamitzeko moduko datua baizik. Aipatutako taldeko kide diren euskarazko webguneek inoizko sesio datu altuena izan zuten joan den maiatzean: 1.810.000 bisitatik gorakoa, hain zuzen. Erabiltzaile kopuruari dagokionez, webguneetan sartzen diren erabiltzaile ezberdinen zenbatekoari buruz beraz, eta orriei dagokienez ere pozteko modukoak dira emaitzak, lau milioitik gora izan direnez gero.
Aurtengo lehen sei hilabeteek eman dutenari erreparatuta, igoerak abiada biziagoa hartuko duela aurrikusten da. Iazko %15 inguruko igoeren ordez %40koa izan liteke 2015ekoa. Euskal kontsumitzaileek gero eta denbora gehiago ematen dute Hekimenekoak diren webguneetan, nahiz eta bisiten bataz besteko iraupena jaitsi. 2011n sei bat minutuko bisitak egiten zituzten kontsumitzaileek, eta gaur egun laukoak dira.
Hekimen, euskal hedabideen elkartea, horiek duela lau urte Gipuzkoa Berritzen izenekoan abiarazitako prozesuaren emaitza da. Sektorearen definizio eta diagnosia egin zuten elkarrekin, aurrera begirako bidea marrazteko. Horrela, hurrengo urtean sortu zen Hekimen, eta geroztik hainbat egitasmo landu ditu. Arestian aipatutako datuak berorrek martxan jarri duen Hekimen Analytics proiektuak bildutakoak dira. Euskal hedabideen sareko jarduna ezagutzeko eta aztertzeko tresna da hori. Orotara, hogeita hamar aldagai baino gehiago hartu dira aintzat, sesioak, erabiltzaileak, orriak, bisiten iraupena edo Twitterreko jarraitzaileen jarduna esaterako.
Bide horretan barrena abiatzeak mesede handia egingo dio euskarari, jatorri ezberdinetako webgune ahalik eta gehienek gorpuztu behar baitute gure hizkuntzak sarean duen indarra. Eskaerak eta eskaintzak elkar elikatu behar dute, euskarazkoak edukietan gero eta indartsuagoak izan daitezen. Ekimen publikoak zein pribatuak dute desafioa horretan eta, ezinbesteko diren orekekin, elkarren eskutik ekitea da eraginkorrena, euskara eta internet are lotuago egoteko. Jauzi gehiago ahalbidetuko ditu horrek, euskararen etorkizuna bermatzeko egungo aro digital hasi berrian gero eta ezinbestekoago direnak.

 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes