domingo, 18 de octubre de 2015

Agur Howard

Athletic ez da edozein futbol talde, zaletu orok ondo dakienez. Eta ez da egindako esaldia, edukirik gabe kirol horretan behin eta berriz errepikatzen direnetakoa. Honakoan zentzu betekoa da, mendetik gorakoan zelaietan eta horietatik kanpo ondo irabazitakoaren isla. Hala, ez dago benetako zalerik zuri-gorriak errespetatzen ez dituenik, elastiko horrek duen esanguraren eta atzean daukan historiaren ordainetan edo. Bilbora 1987an iritsitakoan berehala jabetu zen horretaz Howard Kendall. Iribarren lekua hartu zuen entrenatzaile lanetan, ez kirol egoerarik onenean. Hamarkada horren hasieretako lorpen erraldoien ostean, taldeak beherako bidea egin zuen, arrisku handiz. Sailkapenaren zulo inguruan ibiltze horrek ezuste mingots historikoa ekar zezakeela eta, zuzendaritzak izen handiko entrenatzaile atzerritar baten aldeko apustua egin zuen. Howard Kendall izan zen aukeratua.
Ryton-on-Tyne deritzan herrian sortu zen 1946ko maiatzaren 22an, eta bere jokalari ibilbidea Erresuma Batuan egin zuen 1963an hasi eta 1981era arte. Entrenatzeari ekin zion orduan, eta arrakastaz gainera. Everton-en egindako bi etapetan Europako talde garrantzitsuenetakoa bihurtu zuen. Horren lekuko dira garai hartako lorpenak: FA Cup (1984), Europako Errekopa (1985), Ingalaterrako bi liga (1985 eta 1987) eta hiru Charity Shield (1985, 1986 eta 1987). Heyselgo gertakizunen ostean, baina, talde ingelesak kontinenteko txapelketetatik at geratu ziren, eta Kendallen Everton-ek ezin izan zuen bere maila agertoki horretan erakutsi.
Athleticera jauzi egindakoan, ez zuen huts egin. Bere estraineko denboraldian, 1987-88koan, laugarren utzi zuen ligan, eta hurrengoan zazpigarren, UEFAko Kopan jokatzeko lekuan. Hirugarrena, aldiz, ez zuen ondo hasi eta hor amaitu zen zuri-gorriekin entrenatzaile modura izandako lotura. Ez, ostera, klubarenganako beti erakutsi zuen hurbiltasuna. Agur esaterakoan, 1989an, munduko talde onenetik zihoala esan zuen negar zotinka, eta ordutik aurrera bere entrenatzaile ibilbidearen gainbehera hasten zela. Hitz ezin ederragoak, Athletici betiko gordeko zion maitasun itzelaren erakusgarri.
Kendall gazte hil da, 69 urterekin. Hedabideek plazaratu dutenez Southport-eko ospitalean zendu da, gertukoenak alboan zituela. Berriak lur jota utzi ditu hainbat eta hainbat zale, entrenatzaile britainiarraren izena beti oso kutun izan zaielako. Ez da harritzekoa, Kendallek oso ondo jakin zuelako euskal izaerarekin bat egiten, berton integratzen eta hemengoa kanpoan goraipatzen. Kirol lorpenetatik haratago beti geratzen da entrenatzaile izandakoaren gizatasuna, haren jokabidea eta taldearekiko lotura estua.
Bere heriotzaren aurreko dolua adierazi dute hainbatek. San Mamesen ere, zalegoak isilik erakutsiko dio beti izan zion errespetua. Athletic hainbat keinu handiz legenda bihurtu den kluba da, eta jokalariek soinean daramaten elastiko horren alde hainbeste eman zutenei gorazarre egiten jakitea da horietako bat. Kendallen izena letra larriz idatzita geratuko da zuri-gorrien historian, atzerritarra izan arren ezin hobeto ulertu zuelako zein den bere bene-benetako espiritua eta horrekin bat egin zuelako. Bera bezalako asko behar ditu Athleticek.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes