jueves, 10 de septiembre de 2015

Schommer-en itzala

Oso noizean behin jaiotzen diren horietakoa hil da, Alberto Schommer argazkilari gasteiztar handia. Minbiziak eraman du Donostian, 87 urte zituela. Ibilbide ezin oparoagokoa izan da bere lanbidean, nazioarte mailan ere aski ezaguna eta errespetatua. Kulturaren arloan Euskal Herriak eman dituen gizon handienen artean geratuko da. Argazkigintza artea dela erakusteko gaitasuna duten aukeratu gutxi horien artekoa izan da, maisua argiaren eta itzalen arteko oreka-jokoan. Honelakoetan ezinbestekoa da joandakoari goraipamena egitea, sortzaileak herri bat hobe egiten dutenetakoak direlako. Areago, talentuz betetakoak direnean.
Albrecht Schommer Koch jatorri alemaniarreko aita zuenari esker zaletu zen argazkiak egitera, pinturarekin zein zinearekin tartekatuta, eta Gasteizen ekin ondoren Kolonian (Alemania) eta Parisen jarraitu zuen ikasten. Abangoardian ibili zen 60. hamarkadan, Orain taldearen baitan. Bere lanak mundu osoan daude ikusgai, eta 60 bat liburu utzi ditu. Guzti horrek hainbat sari irabazteko aukera eman zion. 1994an, esaterako, Arabako Urrezko Domina eman zioten, eta bi urte beranduago San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kide egin zuten. 2009an Espainiako Arte Ederretako Merezimenduaren urrezko domina jaso zuen eta Argazkilaritzako Sari Nazionala orain bi urte, "etenik gabe 50 urtez baino gehiagoz argazkilari gisa egin duen ibilbideagatik". Ez da edozer, bistan dagoenez.
2014an Schommer-ek Pradoko Museoan erakutsi zituen bere argazkiak. Handi-handienen esku baino ez dagoen balentria da hori, baina tristurak jota egin zuen, alargundu berritan. Utzi dituen lanen artean nabarmentzeko modukoak dira 'Erretratu psikologikoak' Abc egunkarian eta El País Semanal gehigarrian argitara emandakoak. Lehenagotik gaixo zegoen arren, bere urtebetze egunean, abuztuaren 9an, egin zuen txarrera Schommer-en osasun egoerak. Arzak jatetxean ospatu zuen gertukoenekin eta bazkalostean lepoko min handia sentitu zuen. Geroztik, ez du egoera gainditzerik izan.
Sari garrantzitsuenak irabazita eta artezaleen zein adituen aitortza jasota joan da argazkilari gasteiztarra, Arte Ederretako berean gailurrean zegoela. Bere hitzetan, "artea ez dago munduan gertatzen diren gauzetatik aparte. Horregatik, min ematen didate zenbait gertakarik. Gauzak bestela joatea nahiko nuke. Eta bestela joango balira, artea bera era oso bestela joango litzateke". Zalantzarik ez dago aparteko gizon bat joan dela. Kulturan dihardutenetako askok ez dute gurean merezi duten ospea eta herritarren aldetiko miresmena, eta horretan aurrera egiten lagundu behar dute Schommer-en gisakoek. Lehen mailako sortzaileak eman ditu Euskal Herri txikiak azken mendean, mundu osoan ezagun direnak. Ondare hori beste inon baino lehenago berton hartu beharko litzateke aintzat. Erraldoietako bat joan da berriz, baina bere lanek, bizitza osoan emandakoek, gure artean diraute.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes