lunes, 28 de septiembre de 2015

Ikurra, auzitan

Volkswagen auto marka soila baino askoz gehiago da, Alemania boteretsuaren ikur nagusietakoa. Horregatik da hain esanguratsua eta oihartzun zabalekoa gas isuriak faltsutzeko enpresa horrek softwarea baliatu izanaren ondoriozko iruzurra. Euren diesel motorrak zeharo garbiak direla nabarmendu dute luzaroan, baina EA 189 izenekoaren kasuan behintzat ez da egia. Hori ezagutzera eman izanak sekulako kaltea egin dio VW-i, prestigioari dagokionean ez ezik baita burtsan ere: bi egunetan balioaren %36,5 galdu zuen, 25.000 milioi euro mando. Wolfsburgoko enpresa erraldoia ezin larriago dabil, azalpenak nonahi eman beharrean. Gainera, Volkswagen Taldeko presidente exekutibo Martin Winterkorn-ek dimisioa eman behar izan du ziztu bizian. Mundu osoan hamaika milioi inguru izan daitezke sofware sekretua duten autoak, erdia-edo Frantzian, Italian, Espainian eta Alemanian bertan saldutakoak.
Volkswagen-ek Estatu Batuetako araudia urratu duelako egin du eztanda auziak, eta ikusteke dago Europako agintariek zer dioten bertokoaren inguruan. Antza denez, Euro 5 araudiari lotutako auto gehienak susmopean daude, aipatutako motorra dutenean behintzat. Enpresa berberaren jabegopeko Audi-ri dagokionez, bi milioitik gora izan daitezke trukatutako sofwarea daramaten autoak, A1, A3, A4 eta A6 modeloetan EA 189 motorra daramatenak, 1.6 eta 2.0 dieseletan. Seat eta Skoda ere ez dira libratu, eta arazoak zein modelori eragiten dien argitzen ari dira. Azken berriek diotenez, gainera, Mercedes-en A, C eta E klaseko zenbait modelok eta BMW 5ak zein Peugeot 308ak dagokiena baino %50 erregai gehiago kontsumitzen dute.
Jatorrizkoan, Alemaniako agintari gorenek esku hartu behar izan dute Volkswagen-i argitasuna eskatzeko eta 'Made in Germany' produktuen seriotasuna eta kalitatea zalantzan jar ez daitezen. Jakina da jatorri horretakoek balio erantsia dutela edonon, ustezko hainbat bermeren itzalpean. Ez da, beraz, oso handia izanagatik ere, enpresa bati dagokion arazoa soilik, alemaniarrek luzaroan landutako baloreak baitira kolokan geratu direnak. Eta horri erantzun nahi zaio orain, gardentasunarekin, informazio oldearekin eta honelakoak berriz gerta ez daitezen hartu beharreko erabaki irmoekin. Hasieran autogintzari eragiten diona beste sektore batzuetara zabal ez dadin arduratuta daude Alemaniako Gobernuko kideak, ondo irabazitako ospea eta izen ona di-da batean ez galtzeko.
Inork ez daki oraindik zenbaterainoko sakontasuna duen auziak, noraino heltzen den iruzurra. Volkswagen-ek eta trikimailu bera edo antzekoa baliatu duten guztiek dirutza jarri beharko dute mahai gainean, software ustelari esker ontzat emandako motorrak aldatzeko. Enpresa baten ondarearen zati garrantzitsuenetakoa da bere sinesgarritasuna, eta hori galtzeak kate luze bat hainbat zatitan hauts dezake. Serioenen eta eraginkorrenen artean ere gertatzen dira halakoak. Eta ez da lehen aldia. Horregatik dira hain beharrezkoak kontrol zorrotzak, eta kontsumitzaleen aldetiko jokabide arduratsu eta zoliak.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes