miércoles, 16 de septiembre de 2015

Ikertzeari ekin

Gizarte batek aurrera egin dezan ezinbestean jo behar du ikerkuntzaren bidetik. Zehatzago esateko I+G+Brenetik, ikerketa, garapena eta berrikuntzarenetik. Euskadik ere ez du nolanahiko desafioa maila horretan, eta ondorio guztiekin eutsi nahi dio. Eusko Jaurlaritzak jakin badaki ekonomia suspertzeko eta krisiari sendotasunez aurre egiteko hor dagoela gakoetako bat, lehiakorrago izan eta munduan bertoko produktuak saldu eta kalitatearen sinonimo bihurtu ahal izateko. Guzti hori aintzat hartuta, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Kontseilua bildu da Lehendakaritzan, iazko abenduan onartu eta 2020ra arte indarrean dagoen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planaren (ZTBP) abiada aztertzeko asmoz.
Hala, aurton 1.380 milioi euro inbertituko dira arlo honetan Euskadin, eta hiru eragilek egingo dute posible, herri erakundeek, enpresek eta Europako erakundeek hain zuzen. Aipatutako kontseilua Jaurlaritzaren, hiru aldundien, unibersitateen, teknologia guneen eta enpresen ordezkariek osatzen dute, eta Iñigo Urkullu lehendakaria bera da buru. Jorratutako arloen garrantzia azpimarratu dute bileran parte hartu dutenek, eta herri administrazioei agindu diete aurrekontu publikoetan I+Gren arloko inbertsioei lehentasuna eman diezaietela aurrerantzean ere. Estrategikoa da nonbait honekin lotutako guztia, ikerketan inbertitzea kalitatezko enpleguak eta herritarren ongizatearen zein bizi-kalitatearen hoberakoan funtsezko tresna delako.
ZTBP berri honek dituen ildo nagusien artekoa da ikerlanak Europako berrikuntza estrategiarekin lerrokatzea, RIS3 deritzan espezializazio adimentsuko prozesuaren bitartez. Aurrekoaren ondorioz, Euskadin hiru dira ikerlanei dagozkien lehentasun estrategikoak: fabrikazio aurreratua, energia eta bio-osasuna. Hortik abiatuta lau aukera-eremu zehaztu dira: elikadura, hiri-habitata, ekosistemak eta kultur eta sormen industriak. Testuinguru horretan, Jaurlaritzako sail guztien eta erakunde publiko ororen ekimenak koordinatzeko gobernantza organo berriak abiatu dira. Hala, Sail arteko batzordea, Gobernu barrukoa, eta Erakunde arteko Batzordea, Jaurlaritza, aldundiek eta Eudelek osatutakoa, eratu dituzte guzti hori ahalbidetzeko. Gainera zazpi pilotaje-talde arduratuko dira aurrerago aipatutako zazpi esparruetan ikerketa egitasmoak sustatzeaz. Talde horien artean daude herri administrazioak, enpresak, teknologi zentroak, unibertsitateak eta oinarrizko ikerketarako bikaintasun zentroak. Elkarlanak ekarriko ditu emaitzak, zalantzarik gabe.
Gainera, eraginkortasunez jokatzeko, abian diren egitasmo adierazgarrienen aurretiazko hautaketa egiteko irizpide amankomunak zehaztu dira. Hala, kontuan hartuko dira garrantzi ekonomikoa eta bikaintasun zientifikoa, emaitzak lortzeko bideratuta egotea, kanpora zein barrura begirako proiekzioa, zientzia eta teknologiako euskal sareko eragile guztiak integratzeko gaitasuna, eta gizarteratzeko aukera. Ez dago, beraz, bat batekotasunik estrategia honetan. Aurretiaz ondo landutakoa da, emaitzak bermatzeko behar bezalakoa.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes