martes, 22 de septiembre de 2015

Ikasi gabe, lanik gabe

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) jakinarazi duenez, Espainian gazteen %20k ez du lan egiten ez ikasten, eta helduen artean hamar bat milioi ahalmen gutxikoak dira irakurtzeko edo matematiketan aritzeko. Guzti horrek, jakina, ondorio nabarmenak ditu garapen ekonomikoari eta lan merkatuaren nondik norakoei dagokienez. Plazaratu berri duen dokumentu batean ELGEk dioenez, hazkunde ekonomikoa, enpleguaren sorrera, produktibitatearen gorakada eta bizi-baldintzen hobekuntza ahalbidetzeko gaitasunei buruzkoetan hamabi dira Espainiak dituen erronka nagusiak. Horien artean daude derrigorrezko hezkuntzako ikasleen ahalmenak findu beharra edo lan merkatuan uztartzeko unibertsitate mailakoek koalifikazio profesional handiagoa lor dezaten egitear dagoen ahalegina. Bi maila horietan gabeziak ez dira nolanahikoak, kurtsoak errepikatu edo ikasketak uzten dituztenak asko direlako batetik, eta langabezian dauden lizentziatuen zenbateko handia dela-eta bestetik.
Gazteen egoera kezkagarria da, zinez. Txostenak dioenez, Estatuan sei urte behar dituzte lan mugagabea lortzeko, daniarrek, esaterako, bi besterik behar ez dituztenean. ELGEren esanetan, "europar herrialdeetan aldi baterako kontratua finkoaren aurretiko urratsa den bitartean, Espainian ohikoagoa da gazteek aldian aldiko kontratuetan harrapatuta jarraitzea". Hori gutxi balitz, horien soldaten bataz bestekoa %35 jaitsi da azken bost urteotan. Zehazki, 1210 eurokoa zen 2008an eta 890ekoa baino ez 2013an. Gainera, lanik ezak bereziki astindu ditu gazteak. %52,4 zeuden beharrik gabe iaz, eta %54,6 duela bi urte.
Guzti horrek hainbat ondorio kaltegarri ekar ditzakeela dio Europa mailako erakunde ekonomikoak. Lana bilatzeko zailtasunak areagotu diezazkieke gazteei etorkizunean, bizitzan zehar askoz aukera gutziago eskaintzearekin batera. Aldi berean, lizentziatu direnen ezagutza maila zaharkituta gera litekeela ere badio ELGEk, ikasitakoa aplikatu ezinaren eraginez. Guzti horrek ezkortasuna eta antsietatea eragin diezazkiekeela esateraino doa aipatutako txostenean, osasun mailako kalteak zehazteraino. Gutxi balitz, gurasoen etxean berandura arte geratu beharrak horien gaineko presio ekonomikoa areagotu eta aurrezteko aukerak murrizten dituela nabarmentzen du aipatutako erakundeak.
Koalifikazio gutxiko helduen ahalmen maila hobetzea da ELGEren araberako beste erronka nagusietakoa, horien arteko bi herenek lan merkatuan jarraituko baitute hamar urte barru eta gainerako herenak baita hogei urte barru ere. Aipatutako guztiekin batera, nazioarteko erakundeak ezinbesteko iritzi dio hainbeste langabetu dituen lan merkatuan langileak kontratatzeko dauden oztopoak kentzea. Lanik gabe daudenei begira badago neurriren bat baino gehiago proposatutakoen artean. Hala, INEM eta gisakoak hobetzea eta formazioari begirako inbertsioa potolotzea dira horietakoak. Krisiaren aldirik beltzena gainditzen hasita ere, Espainiak lan merkatuari lotuta dituen erronkak handiak dira. Erraldoiak, hobe esanda.

 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes