viernes, 4 de septiembre de 2015

Aylan-en deiadarra

Siriako gerra zibila ez da atzo hasitakoa, eta ezta horrek sorrarazitako errefuxiatu oldea ere. Urteak daramatzate bertakoek sarraskitik ihesean, inguruko herrialdeetara batik bat. Gordinkeriek luze jo dezaketela-eta oraintsu hasi dira Europarako bidea multzo handietan hartzen, bizimodu hobea izan guran. Edozein gizakiren asmoa da hori. Itxaropenezko etorkizuna landu nahia belaunaldi berriei begirako beharra da, edozein gurasoren helburua. Europako Batasunak, dena den, oztopoz bete du horien asmoa, Siriako egoera bideratzeko ezintasunari hango biztanle sufrituak hartzekoa gehituta. Orain argazki batek alda dezake guzti hori, Aylan haurraren gorpuarenak, Turkiako hondartza batean olatuen magalean agertutako hilotzak jokabiderik gogorrenak ere goxotu baititu.
350.000 migratzailek zeharkatu dute Mediterraneo itsasoa aurten. Denak ez dira siriarrak, jakina. Horkoek, irakiarrek eta afgandarrek, esaterako, dagoeneko estrukturalak diren euren barne gatazketatik ihes egiten dute, libiarrek bertako txikiziotik eta afrikar askok, pobreziatik. Siriari dagokionez, lau urte dira jada zenbait talde Bashar Al-Asad-en diktaduraren aurka altxa zirenetik. Hasiera batean erreximenarenak egin zuela uste arren, tinko eutsi dio tarte honetan, oposizioa ahuldu eta Estatu Islamikoak esku hartu duen bitartean. Edozein gerra zibil ezin krudelagoa den arren, nazioartearen axolagabekeriak eta aipatutako testuinguruak egoera erabat usteldu dute. Ondorioz lau milioi inguru siriarrek alde egin dute errefuxiatu gisa alboko herrialdeetara, eta orain ehunka milaren batzuk Europan sartzeko ahaleginetan ari dira, gehienek Alemania helmuga dutela.
Egoera horretan, Batasuneko kideak ez dira ados jarri errefuxiatu horiek hartzeko eta 28 herrialdeetan banatzeko. Gutxi balitz, zenbat buruzagik aurkako adierazpenak egin dituzte, xenofobiatik ezin hurbilago daudenak. Eta etorkinen aurkako indar politikoak zein era guztietako muturreko taldeak ekinean hasi dira, krisi ekonomikoaren aitzakiaz gizentzen. Aylan-en argazkia heldu den arte. Bikote siriar batek Turkiara heltzeko egindako ahalegina itsasoan amaitu den arte. Aylan, bere anaia eta ama bidean hil diren arte. Kanadan babes hartzeko eskaera egina zuten aspaldian, baina dokumenturen baten faltan ukatu zieten.
Umearen gorputxoaren irudiak zirrara ezin sakonagoa eragin du leku guztietan, politikoen eta eragile sozialen artean. Errefuxiatuen egoera bideratzeko ahaleginak biderkatzen ari dira horren ostean, eta hainbat gobernuk iragarri dituzte neurriak, lehen mailako giza-krisia arintzeko. Siriako gatazka ahalik eta azkarren amaitzeko Estatu Batuek, Europako Batasunak eta Errusiak asko lagundu dezakete, eta urrats hori premiazkoa da. Bitartean, bertatik ihesean dabiltzanak ezin dira ate joka utzi, etsipenak janda. Arazoak konplexuak direnean irtenbideak ere halakoxeak dira, baina ezin zaie lepoa eman ehunka mila laguni, heriotzaren zain daudela. Berehalakoa behar du horien egoera leuntzeak. Ezin da hildako umeen argazkien zain geratu, ezin da sarraski gehiagok behartuta mugitzen hasi. Izututa ihesean dabiltzanen egutegian bihar beranduegi izan daiteke. Aylan-en heriotz mingarriak europar guztion kontzientziak astindu ditu. Baina, noiz arte?

          

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes