sábado, 29 de agosto de 2015

Tristurazko sanba

Munduko ekonomia ondo neurtzerik ez dagoen zurrunbiloan ari da, Burtsak zorabiatzear, Grezia beste hauteskunde berri batzuen bezperan, Brasil gainbehera eta Txina, ahal duen eran eutsi nahian. Hego Amerikako erraldoiak susperraldia izan du azken urteotan, ia mirakulu ekonomiko bihurtzerainokoa, baina atzeraka hasi da orain. Dilma Rouseff presidentearen arazoak, ustelkeriarekin lotutakoak, etenik gabe ari dira larritzen eta inork ez daki zein ondorio politiko ekarriko dituzten azkenean. Egonkortasun eta lidergo falta momenturik txarrenean heldu dira. Bertako Barne Produktu Gordina (BPG) %1,9 jaitsi da urteko bigarren hiruhilabetekoan, eta aurreko epe berean %0,7 behera egin zuenez, Brasil atzeraldi teknikoan dago jada.
Aurrera begirakoa ez da hobea, eta Gobernua ekinean ari da austeritate plan batekin eta inbertsioak jaisteko neurriak baliatzen, modu horretan kontu publikoak orekatu guran. Iazko bigarren hiruhilabetekoarekin konparatuta, ekonomiak orotara %2,6 egin du atzera. Egoera horretan 345.000 lanpostu galdu dira aurten, eta milioi bat gal litezkeela uste dute adituek. Zuloa, gainera, eskaeraren eta eskaintzaren aldetik ari da handitzen, eta eredu zena etenik gabe doa hondora. Arazoa atzetik dator eta orain sakondu besterik ez da egin. Izan ere, enpresen inbertsioek zortzi hiruhilabeteko daramatzate atzeraka, eta familien kontsumoak, BPG-ren %60 denak, 2015eko hasieratik jo du behera. Urteko tasak aintzat hartuta, brasildarren kontsumoa ez da azken hamabi urteotan jaitsi, eta horrek ere adierazten du egoeraren larritasuna eta herrialdea bete-betean harrapatu duen krisialdiaren sakontasuna.  
Herritarrak guzti hau aspalditik ari dira nabaritzen, eta jasaten. Hala, prezioek gora egin dute nabarmen, %6,83 urtarriletik uztailera bitartean, eta %10etik gora joan daitezke urte amaiera heltzen denerako. Honek txiroenak kaltetzen ditu batik bat, boterean dagoen Langileen Alderdiaren (PT) botoemaile talde nagusia osatzen dutenak. Ez da harritzekoa, beraz, iaz berraukeratutako Rouseff presidentearen babesa gaur egun %8koa besterik ez izatea. Ustelkeria gehiago zigortzen da makalaldi ekonomikoa heltzen denean, eta Brasilen bi faktoreen batuketak Estatu burua hondora dezake.
Estu dabiltzan herrialdeak mundu mailako ekonomiaren egonkortasunerako estrategikoak direnetakoak dira. Argi dago Txina eta Brasil ez direla edonor sailkapen horretan, batez ere lehenengoa bigarren ekonomia indartsuena baita. Baina hego amerikarren eragina eta garrantzia ere ez da nolanahikoa, Lularen gobernuez geroztik lortutako hazkundeak nazioartean erreferente bihurtu duelako. Galdera ikurrak dira nagusi etor daitekeena aztertzerakoan eta ekonomilari finenak ere kezkatuta dabiltza agertokian hutsuneak nagusitzen doazelako. Europa burua altxa ezinik dabil oraindik, nahiz eta Espainian, esaterako, datu ekonomikoak aspaldiko onenak izan. Gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, norbere oreka beste askoren esku ere badago eta, alde horretatik, kezkarako zantzuak bata bestearen atzetik ari dira begibistan jartzen.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes