lunes, 17 de agosto de 2015

Mitxelenak, ehun urte

Hil honen 20an Koldo Mitxelenaren jaiotzaren mendeurrena beteko da, eta ezin da oharkabean igarotzen utzi. Sekulakoa izan zen berak euskarari eta euskal kulturari bizitza osoan zehar egindako ekarpena, oso gutxik egin duten tamainakoa. Hizkuntzari batasuna ematerakoan funtsezko lana egin zuen, gaur egunera arte dirauena eta euskararen etorkizuna bermatzeko erabakigarri izango dena. Hala, nekez uler daiteke XX. mendeko Euskal Herria Mitxelenak utzitako aztarna ezin aberatsagoa aintzat hartu gabe. Bere ekinbideak erabateko garrantzia izan du berezkoak zituen esparruetan, bereziki euskarari dagozkionetan. Beronen sustapena eta normalizazioa amets hutsak zirenean, zutabeak jarri zizkion garai berri bati, aniztasunetik batasuna baliatzeak ekarri duen horri, hizkuntzak bizirautea ahalbidetu duenari.
Mitxelenaren biografia mamitsua da, gizon poliedriko bati dagokiona, azken hatsa emateraino lanean jardun zuenarena. Gipuzkoako Errenterian sortuatxorkatilako gaixo bat zela-eta berandu samar hasi zen eskolara joaten. 'Zeruko Argia' irakurriz ekin zion euskaraz alfabetatzeari, eta bere herriko Martin Lekuona apaizaren bitartez murgildu zen euskal literaturan. Hamabost urterekin lantegi batean hasi eta gero, bost urteren buruan abiatu zen zorigaiztoko gerra zibila, frontera eramango zuena. EAJkoa izanik, Eusko Gudarostean borrokatu zuen, teniente izatera helduta, Santoñan preso hartu zuten arte. Ostekoak, beldurgarriak izan ziren: heriotz zigorra ezarri zioten lehenik, eta aurrekoaren truke 30 urteko kartzelaldia ostean. 1943an askatu zuten, baina ia inork ez zion lan egiteko aukerarik eman, bere iragan politikoa zela eta. Filosofia eta Letrak ikasi zituen tarte horretan, eta Klasikak amaitu zituen. Garai hartan beste bi urte luzez eraman zuten espetxera, sarekada batean erori ostean.  
Oztopoak gainditu eta Salamancako Unibertsitatean eman zioten babesa azkenean, Antonio Tovar filologo entzutetsuak lagunduta. Hortik aurrerakoak aski ezagunak dira, batez ere 1968an Arantzazun euskararen batasunerako egindako urratsa. Aspalditik zen Euskaltzaindiko kide, eta ezinbestekotzat jotzen zuen euskalkien gainetik hizkuntza estandarizatu beharra. 'Gipuzkoar inperialismoa' egotzi zieten bere ildokoei Bizkaitik, baina argi izan zuen jarraitu beharreko bidea, eta balantza nola orekatu. Euskal Herriko Unibertsitatean aritu zen 1977tik aurrera, eta hamaikatxo sari irabazi zituen, 1987ko urriaren 11n hil zen arte.
Mitxelena Euskal Herriak eman duen gizon handienetakoa da, oso gogoan izan behar diren horietakoa. Bere bizitza osoa eskaini zuen euskararen eta euskal kulturaren alde, berauek sendotzeko eta etorkizunerako prestatzeko. Egin zituenak ezagutu eta aintzat hartzea da egin dakiokeen omenaldirik beroena. Hori eta askoz gehiago merezi du.

  

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes