Abuztua jai giroz betetako hilabetea da, hamaikatxo udalerrik ospatzen baitituzte euren zaindarien ohorezko ekitaldiak. Horien artean nabarmenena Bilbo da, jakina. Aste Nagusiak milaka lagun biltzen ditu hiriburuko bazter guztietan eta, nolabait, uda borobiltzen du. Kartelaren aukeraketak, lehenengo, eta pregoilariaren eta txupinaren ardura duenaren izen-abizenak ezagutzera emateak, ostean, festaren hurbiltasuna iragartzen dute, urte osoan zain egon osteko parranda. Aurten Gurutze Beitia aktorea eta Txomin Barullo konpartsako Oihana Pascual ariko dira zeregin horietan, ardura handiko betebeharrei ekin beharrean. Jai Batzordeak aho batez aukeratu eta gero, abuztuaren 22an Arriaga antzokiko balkoian izango dira Aste Nagusiaren ordezkari nagusi modura. Bilboko alkate Juan Mari Aburto ere bertan egongo da, udalerriko buru legezko bere lehenengo jaietan.
Etxeetan ehun mila egitarau banatuko dituela iragarri du Udalak eta, gainera, interesa duen edonork 'Bilbao Aste Nagusia' deritzan aplikazioaren bitartez jaso ahal izango du programazio osoa sakelako bere mugikorrean. Jaien berri den-denei emateko asmo horretan, hamar mila egitarau inprimatu dira ingelesez eta frantsesez, eta ezintasunen bat duten pertsonentzako ere propio landutakoa prestatu da. Mamitsu dator aurtengorako iragarritakoen zerrenda. Musika arloan, esaterako, Los Suaves, Maldita Nerea, Los Secretos, Lori Meyers, BOS eta Ane Echegoyen eta beste hainbat bilduko dira Bilbon hilabete honetako azken astean. Adin guztietako jendeak gozatzeko modukoa da egitaraua, ohi bezala su artifizialek, barrakek, txosnek, zirkuak eta beste hainbateko ugarik osatua.
Alkateak bere estraineko pregoian dioen legez, "ikasturte berriari ekin aurretik" gozatzeko eta indarrak biltzeko sasoia da datorrena, "baina neurriz, inor kaltetu gabe eta ahalik eta elkartasun handienaz, ehunka baitira oraindik krisiaren ondorio latzak pairatzen ari diren bilbotarrak". Ona da beti jai giroan murgiltzerik ez duten guztiak gogoratzea, hainbat arrazoi tarteko asko baitira bat egiterik izango ez dutenak.
Aste Nagusia heldu aurretik badago aukera hainbat herritan abiada hartzeko. Andra Mariak eta San Rokeak, adibidez, ohitura handikoak dira Bizkaian, eta zer hautatu ugari eskaintzen dute. Oporren ostean berez helduko da ia urte osoko errutina, baina oraindik badago non ibili, non lagunekin bildu, non hainbat ikuskizunetaz gozatu. Geroko gerotan geratu beharrean abuztuak eskaintzen dituenen inguruan biltzeko momentua da, bizitzari zukua ateratzekoa.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.