domingo, 23 de agosto de 2015

Burtsak, argi gorritan

Maldan gorako astea izan da hau mundu osoko Burtsentzat. Faktore ezberdinen korapiloak eragindako beherakadek kontinente guztietako merkatuak astindu dituzte, kezka eragiteraino. Txinan jazotakoek aparteko garrantzia izan dute guzti honetan, erraldoi asiarrak sekulako pisua baitu gaur egun munduko ekonomian eta asko direlako bere eraginpe zuzenekoak. Pizgarriak jarri ditu abian bertako gobernuak eta bihartik aurrera argituko da horiek zein efektu duten, baina aditu askoren ustez luzaroan puztutako burbuilak eztanda egitearen ondoriozkoak dira oraingo arazoak, eta egoera nekez berbideratuko da hartutako neurri soilekin. Dena den, agintariek ez dute amore emateko asmorik eta Burtsa berriz dagokion bidean jartzeko pentsio-funtsei errenta aldakorrean inbertitzeko aukera eman berri die. Hala ere, bigarren ekonomiarena egokitze-aldia ala gainbehera sakona den laster ikusiko da. Bigarren aukerak mundu guztiko herrialdeak izutzen ditu, eta zer esanik ez Europakoak, euroaren krisia gainditu ezinean dabiltzala lurrikara ekonomiko berri batek guztiz jota utz baititzake.
Egoera horretan, abuztuko azkenaldia garrantzi handikoa izango da Batasuneko ekonomia nagusienetakoen norabidea zehazteko. Asteartean Alemaniako Barne Produktu Gordinak (BPG) urteko bigarren hiruhilekoan izandako hazkundea ezagutuko da, eta ostegunean Erresuma Batukoa. Egun horretan, epe bererako Estatu Batuetako BPG-ren hazkundearen aurreikuspena berregokituko da, adituek diotenez %2,3tik %3,2ra arte.
Petrolioak beti dauka lehen mailako protagonismoa nazioarteko ekonomian gertatzen direnetan, eta oraingoan ere hala izango da. Brent deritzan petrolio upelak 45,4 dolarreko balioa izan du egunotan, astebetean %7,2 galdu eta 2009tik honako preziorik baxuena izateraino. Lehengaien merkatua Txinatik heltzen diren albisteek baldintzatuko dute, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundean inolako barne akordiorik lortzeko modurik ez dagoen aldi honetan. Interes ezberdinek ahulduta utzi dute bere ekinbidea, eta horrela jarraituko duela ematen du Saudi Arabia ez baitago egungo politiketan amore emateko prest.
Agertoki honetako beste bi protagonista nagusi Errusia eta Grezia dira. Lehen herrialdeko gobernua jo eta ke ari da errubloa babestekotan, bertako moneta etenik gabe dabilelako indarra galtzen. Aurreko urteko abenduko neurrien ostean, ildo beretsuko urrats gehiago egingo dira epe laburrean, herrialdeko esportatzaile nagusiak atzerriko dibisetan dituzten erreserben zati bat saltzera behartuz. Azkenik, aski ezaguna da Tsipras lehen ministroak hauteskundeak deitu dituela Grezian, bere koalizioan erreskate berrirako akordioak eragindako zuloak direla eta. Ezegonkortasun politikoak ez du egoera baretzen lagunduko, eta ikusteke dago zer erabakiko duten bertako biztanleek luzaroan gorriak ikusi eta gero. Munduko ekonomia hainbat faktoreren pean dago, eta ia guztiak datoz arriskuz beteta. Oso adi irakurri, ikusi eta entzun beharko dira hurrengo asteetako arlo honetako albisteak. Oraingoa ez da urruneko ekaitza. Guztion ongizatea dago jokoan.

     

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes