miércoles, 5 de agosto de 2015

70 urte

1945.eko abuztuaren 6an, duela 70 urte, Estatu Batuetako B-29 motako hegazkin batek 'Little Boy' zeritzan lehergailu nuklearra jaurti zuen Japoniako Hiroshiman. Ondorioak aski ezagunak dira. Urte hartako amaieran 166.000 ziren zenbatutako hildakoak, horien erdia-edo leherketaren egunekoak. Hilabete bereko 9an Nagasaki izan zen eraso berri bat jasan zuena, eta beste 80.000 lagunetik gora erail zituzten bertan. 15ean Japoniak amore eman zuen eta errenditu egin zen aliatuen aurrean. Bigarren Mundu Gerrak sekulako txikizioak eragin zituen, eta hondamendi nuklearra horietako bortitzenetakoa izan zen zalantzarik gabe.
Hiroshimako lazgarrikeriaz historiarako gorde dena ikaragarria da: goizeko 8.15etan abiatu zen lehergailua 'Enola Gay' hegazkinetik eta 55 segundu beranduago eztanda egiteko puntuan zegoen, hiri gaineko 600 bat metrora. 13 kilotoi TNTren parekoa izan zen zartada eta tenperatura milioi bat gradura igo zen berehala, inguruko airea sutu eta 256 bat metroko suzko bola eraginez. Segundu bakarrean, bigarren bola bat 274 metrora zabaldu zen. Suntsiketaren erradioak 1,6 kilometro hartu zuen, hiriko eraikinen %69 txiki-txiki eginda. Populazioaren %30 berehala hil zen, eta beste horrenbeste larri zauritu.
Asko hitz egin eta idatzi da egun hartan han jazotakoaz, izandako ondorioez eta guzti horrek irakatsi beharrekoaz. Hiroshima hiri martiria da, bakearen aldeko udalerrien mugimenduan lider modura jokatzen duena. Samin eta sufrimendu guztia eraikitzeko baliatu du, jasan zuena berriz errepika ez dadin ahalegintzeko. Alde horretatik, bertako biztanleen jarduna eredugarria da, ez dagoelako mendeku nahirik, gorrotorik, bakegintzan aitzindari izateko gogoa baizik. Zaila da belaunaldiz belaunaldi abuztuaren 6 hark utzi duen aztarna beldurgarriaz jabetzea, eta horregatik da hain miresgarria aurrera begiratzeko behin eta berriz adierazi duten adorea eta borondatea. Ez da zerbait abstraktua, jarrera eraginkor eta mamiz betetakoa baizik.
Atzera begiratzeak etorkizunari ikasitakoa baliatuta heltzeko balio beharko lukeela esan ohi da, baina nazioarteko egoera ikustea besterik ez dago hori gertatzen ez dela konturatzeko. Horregatik da hain garrantzitsua gerraren ondorioak etenik gabe salatzea eta bakearen aldeko ahaleginak biderkatzea. Hiroshima, Nagasaki eta beste asko gizakiaren alde beltzenaren agertoki izan dira, eta egoerarik txarrenean ere aurrera egiteko eta itxaropenari eusteko aukerarik badagoela frogatu dute. Duela 70 urte jazotakoa ez da sekula ahaztu behar, irudi haiek ezin dira erretinatik ezabatu, bakearen aldeko aldarri iraunkor modura gorde behar direlako. Orduko hartatik ikasten ez badugu, ez dugu sekula ezer ikasiko.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes