Jaien urteko egitarauan Iruñeko Sanferminek badute halako zerbait berezi bat, beste edozein baino erakargarriago egiten dituena. Gaur eguerdiko txupinazoak ez du parekorik, biltzen den jende andanaren, sortzen duen ikusminaren eta eragindako grinaren ondorioz. Ez da nafarren festa bakarrik, unibertsala baita dagoeneko, batekoek zein bestekoek propio gisa bizi eta sentitzen dutena. Egunotako batean inoiz bertako karriketan ibili denak badaki zer-nolako zirrara dakarren gorriz jantzitako itsasoaren parte izateak. Edonondik gerturatutakoa berehala bihurtzen da iruindar, jai giroaz blai egiteraino.
Guzti horren oihartzuna Bilbora ere heltzen da, berton diren nafarren eskutik. Hirigunean biltzen dira uztailaren 6ero, Iruñekoa gogoan izan eta hango alaitasuna Bizkaiko hiriburuan zabaltzeko. Lurralde bien artean badago horretarako behar den gertutasuna, fisikoa ez ezik sentimentala. Hangoa hemengo ere bada, hainbat eta hainbat lotura tarteko. Eta Sanferminak hainbatek jarraitu eta bizitzen dituzte, Estafetan baleude bezala.
Dena emateko egunak datoz. Zaila da zutik aste osoa igarotzea. Horretan asko laguntzen du iruindar izateak, egunetako bakoitza nola kudeatu ondo ikasia dutelako. Gainerakoentzat nahikoa da egunen batean bertaratu eta hurrengoan alde egitea, Sanferminak erabat murgiltzekoak baitira, intentsitatez bizitzekoak. Behin joan denak ez du hurrengo batean huts egingo, erakartzeko ahalmen apartekoa baita Iruñeko festa nagusia. Gaztelu Plaza abiapuntutzat hartuta, hiriak zenbatnahi eskaintzen du, adin guztietako eta zaletasun askotarikoentzat. Nafarroa aniztasunaren lurraldea da, ateak guztiz zabaltzen dituena, berezko duena mundu osora eramateko gai dena.
'Pobre de mí' abesti aski ezagunaren oihartzunak emango die amaiera jaiei hil honen 15a hasitakoan. Ordura arte egitarau ezin osatuagoa prestatu du Iruñeko Udalak, kontzertuz, zezenez, umeentzako ekitaldiz eta beste hainbatetaz betea. Ez dago arrazoirik norbere burua baztertzeko, Sanferminak bertaratzen diren guztien ekarpenaren batuketa baitira. Telebistatik ikusitakoek harako bidea hartzeko gogoa ematen dute, ezerk ezin baitu berdindu hango bizitasuna, hango grina, hango bizipoza. Inork ez luke geratu behar behin gutxienez sentsazio andana horretaz gozatu barik. Horrela konturatuko litzateke zergatik diren jaiok mundu guztian ezagun, zergatik diren bizirik sentitzearen ikur, zergatik ez duten parekorik.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.