domingo, 12 de julio de 2015

Elkartasunez blai

Osasun betea iheskorra izan ohi da, konturatu barik galtzekoa. Ondo dagoenak ez du bere egoera inoiz nahikoa aintzat hartzen, egungo gizarteak eragindako hainbat arazo eta burukominen eraginez ziurrenik. Baina gaixo daudenek biziki eskertzen dute hoberako den edozein urrats txiki, baita besteengandik jasotako laguntza ere. Egoera horretan dagoenak berriz bere buruaren jabe izatea baino ez du eskatzen, aurrera egitea, galdutako normaltasuna berreskuratzea. Hala, garrantzitsua da lur jota dagoen hurkoari laguntza ematea, giza-enpatia agertzea, eta sendabidean makulu lana egitea. Osasuntsu egotea horren faltakoa izatea bezain ohikoa da, tarteka gehienetan, baina betiko beste zenbaitzutan. Igandeon esklerosi anizkoitzari aurre egitea helburu duen 'Busti zaitez' kanpainako ekitaldiak burutu dira urtero bezala, eta gaixotasun hau jasaten dutenen errealitatea sozializatzen lagundu dute.
Hamazortzigarren aldia da herritarrak sentsibilizatzeko berorren inguruko kontzientziazio kanpaina egiten dena, Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioak (EAEF) antolatuta. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 71 gunetan burutu dira ekitaldiak, hondartzetan eta igerilekuetan, eta pertsonaia ezagunak ere bildu zaizkie horietara gerturatu direnei. Iaz 110.000 parte hartzaile eta 1.400.000 igeri egindako metro lortu ziren, eta horiek gainditzea izan da edizio honetako desafioa. Hobera egite horretan, gainera, Kukuxumusuk landutako aplikazioa estreinatu dute.
Esklerosi anizkoitza nerbio-sistema zentralaren gaixotasun bat da, pertsona gazte eta helduen arteko gaitz neurologiko ohikoena. 18 eta 35 urte bitartean diagnostikatu ohi da, eta emakumeei gizonezkoei baino gehiago eragiten die. Sintomarik arruntenak honakoak izaten dira: alterazio sentsitiboak, oreka eta hizketarenak, dardarak, soin atalen ahuldadea eta kasu larrienetan baita paralizazioa ere, eta espastizitatea, urologia alterazioak, bertigoa, nekea, inurridurak eta ikusmen alterazioak.
Oso zaila da esklerosi anizkoitzari egotzi dakizkiokeen sintomak iragartzea, eta badaude gaixotasunaren modu onberak ere, alterazio edo ondorio gutxi sortarazten dutenak. Euskal Autonomia Erkidegoan 2.200 lagunek dute gaitz hau, 40.000k Espainian eta 400.000k Europan zehar. Konparazioak egiterakoan, itsutasunak 51 pertsona harrapatzen ditu ehun mila biztanleko, eta esklerosi anizkoitzak 60. Zientzialariek oraindik ez dute aurkitu zergatik erasotzen duen sistema inmunologikoak mielina, nerbio-sistema zentralaren nerbio-zuntzak biltzen eta babesten dituen materiala, eta horretan faktore genetikoek eta ingurumenekoek eragin dezaketela uste da. Mielinaren lesioa itzulgarria izaten da askotan, eta esklerosi anizkoitza ez da ez kutsakorra, ez herentziazkoa, ez hilgarria. Berorren ezagutzan eta sendabidean urratsak egiteko modua da 'Busti zaitez' kanpaina, eta guztion laguntza merezi du.

     

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes