Munduan diren enpresen arteko boteretsuenetakoa da Apple, eta gehien balio duena. Ordenagailuak eginez ekin zion 1976an, Steve Jobs mitikoaren gidaritzapean, baina zenbait gorabeheraren ostean berau 1985ean kaleratu eta hondoa jo zuen. Sortzailea itzultzean etapa berri bat hasi zen, 1997tik aurrera, eta iPod-aren eta batik bat iPhone-aren sorrerak erabat aldatu zuten bere norabidea, arrakastaren gailurreraino. Bere gailuak prestigioarekin lotuta daude, diseinu finenarekin, sistema eragile sendo batekin, eta ehunka milioi saldu dira azken urteotan. Eros-ahalmenaren adierazgarri dira askotan, baina batez ere gehiengoak baliatzen duenari alternatiba bat bilatzearekin, enpresaren goiburuak dioen bezala 'ezberdin pentsatzearekin'.
Kaliforniako Cupertinon kokatuta dagoenaren ordenagailuek OS X sistema erabiltzen dute, eta iPhone-ak eta i-Pad deritzan tabletak, aldiz, iOS deritzana. Azken hau hainbat hizkuntzatan molda daiteke, norberak egokien iritzitakoan, baina ez euskaraz. Inoiz egin da saiakeraren bat egoera hori aldatzeko, baina oraingoz alperrik. Enpresa zurrun samarra da honelakoetan, eta euskal hiztunei ez die jaramonik egin. Gaztelera baliatu behar dute sakelako euren telefonoetako sistema eragilean, kataluniarrek ez bezala. Azken hauen hizkuntza Europako nagusi-nagusienak kenduta garrantzitsuenetakoa da kontinentean, Estatu askotakoek baino hiztun gehiago dituelako.
Egoera honen aurrean, euskal komunitatea jo eta ke ari da Steve Jobs hil zenetik Appleko buru den Tim Cook-ek euskarari merezi duen aukera eman diezaion. Hainbat ekimen kolektibo arrakastatsu burutu dira azken urteotan sarean bertoko jatorrizko hizkuntza bultzatzeko, Twitter egokitzeko esaterako. Bide horretatik, oraingoan iparra.eus orrialdeko Xabier Martinek ekin dio Applek bere sistemetan euskara erabil dezan eskatzeko kanpainari, change.org-ren bitartez. Eskaeran zehazten denez, "kultura eta hizkuntzaren biziraupenerako ezinbestekoa da egunero hizkuntza erabiltzea" eta teknologia arloan maneiatzea. Hala, "gure hizkuntza mundu globalizatu honetan teknologia gisa" baliatu beharraz ohartarazten du, ezin zuzenago. 25.000 sinadura behar dira ekimenari bide egiteko, eta ia 18.000 dira orain arte bildutakoak. Erlojuaren kontrako lasterketa da dagoeneko, larunbata abiatutakoan amaituko baitzaio epea saiakerari.
Guzti hau ez da anekdota bat edo gutxi batzuren burugogorkeria. Euskarak zirrikitu teknologiko guztiak estali behar ditu aurrera egiteko, besteen pare aukerakoa izateko. Eta Applek aintzat hartzea ez da edozer, ezin lehen mailagokoa den enpresa baten aterpea oso lagungarri izan dakioke eta. Ezarritako sinadura-muga gainditzea desafioa da jada euskaldungoarentzat, eta indartsu agertuta baino ezin da aurrera jo enpresa erraldoien aurrean. Aro teknologiko honetan Apple sagar bihurtzea urrats garrantzitsua litzateke, hiztun komunitate oso baten dinamismoaren seinale.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.