sábado, 18 de julio de 2015

Akademiaren lana

Hizkuntza akademiak horien jagoleak izan ohi dira, jasotakoaren gordelari eta hurrengoei utzi beharrekoaren eguneratzaile. Lan isila egiten dute gehienetan, hedabideen oihartzunetik urrunekoa. Baina ekinean ari dira, jo eta ke, gidari lana egiten, norabide egokia zehazten. Gurean, halakoxea da Euskaltzaindia. Euskara batuaren prozesuak ibilbide luzea egin du jada, hizkuntzaren eta hiztunen onerako, eta egindako urratsetako bakoitzari dagokion bultzadan beti egon da bere lanaren aztarna, bere hauspo-zeregina. Ez da urruneko erakundea, baten batek hala uste arren, egunerokoan mintzabide ditugunen gertuko arau-emaile baizik.
Tarteka, euren lanaren berri ematen dute euskaltzainek, hizkuntza bizi batek akademia bizia behar baitu, erronka berriei artez erantzuteko gaitasunekoa. Asteon Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, EIZIE deritzanak, eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu dute, eta ‘estrategikotzat’ jo. Ez da, beraz, noizean behin protokoloz izenpetzen diren horietakoa, eragin zabalekoa baizik. Izan ere, bost urterako lankidetza-hitzarmen honek interakzioa aldarrikatzen du, Akademiaren eta eragileen artekoa hain zuzen. Hortik abiatuta, bi erakundeen arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da.
Hitzarmenaren ondorioz, Euskaltzaindia garatzen ari den Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, EIZIEk bere esku dituen hainbat argitalpenen euskarazko testu-masa Akademiaren eskuetan geratuko da. Aipatutako Behatokia ez da edozer. Euskaltzaindia 80. urtearen hamarkadan hasi zen corpusak lantzen, hizkuntzalaritza arloko ikerketa eta araugintza haietan oinarritzeko. Horren emaitza izan ziren Hiztegi Batuaren lehen argitaraldia 2000. urtean, eta Orotariko Euskal Hiztegiaren estraineko plazaratzea, paperean 2005.ean osatutakoa.
Euskaltzaindiak lanean dihardu, beraz, euskal hiztunen beharrei erantzuteko, zerbitzu lana egiteko. Bere arauak bete beharrekoak dira euskaldun guztiontzat, beste edozein hizkuntzatan dagokien akademiekin jazotzen den bezala. Euskara idatzian, besteak beste, badago zer egin, jator itxurakoak ei direnak baliatzen baitira gehiegitan, inork arautu gabekoak, bestelako mintzairetan barregarri izango liratekeenak. Hitz egindakoa idatzitakora galbaherik gabe eramatea okerreko bidea da. Euskaltzaindiarena da irizpide-emaile lana, ez gutako bakoitzaren gogoaren ondoriozkoa. 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes