viernes, 24 de julio de 2015

A1 eta A2

Euskara ikasteko bide oro leuntzea eta baliabidez hornitzea beti da mesedegarri. Beharrei egokitzeak eta ekinean ari direnen esku ahalik eta tresna eraginkorrenak jartzeak asko lagun dezake hizkuntzaren ezagutza eta menperatze prozesu horretan. Horretan ari dira hizkuntz politikako arduradunak, asmo berriak mamitzen eta eginahalak jorratzen. Euskararen sustapenarekin lotutakoek etengabeko bultzada behar dute, gizarteak bere egin eta abiada egokia eman diezaien. Asko egin da azken hamarkadotan, ia dena, 80.aren hasierako egoerak ez baitu gaur egungoaren antzik, zorionez.
Ostegun honetan Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Joseba Erkizia HABEko zuzendariak helduen euskalduntzearen oinarrizko curriculumaren ardatzen berri eman dute, eta badago berrikuntzarik. Izan ere, euskara ikasten lehen urratsetan dabiltzanek bi maila berri izango dituzte, A1 eta A2 izenekoak. Horiek gainditzean, ziurtatzeko agiriak eskainiko zaizkie ikasleei, dagozkien diru laguntzekin batera, eta administraziorako hizkuntz eskakizun modura aintzat hartuko ez diren arren, egoki iritzitako bestelako tokietan baliatu ahal izango dituzte. Administrazioan B1 deritzana da gutxieneko maila, eta hori ez da aldatuko.
Berrikuntzak hainbat ikasleri eragingo dio, euskaltegietan ari direnen ia laurdena, %22 zehazki, hasierako mailetan dabiltzalako. Hala, euskarazko oinarrizko ezagutza lortzen duten horiek guztiek sari antzekoa jasoko dute bi maila berrien bidez. "Euskara jakitea berdin EGA ekuazioa" desegokitzat jo zuen Baztarrikak aipatutako agerraldian, maila apalagokoei ere egin duten lana eskertzea ezinbestekoa baita.
Egin berri den urratsarekin helduen euskalduntzearen curriculuma Europako Erreferentzia Markora "guztiz" egokituta dagoela nabarmendu zuten Jaurlaritzako kideek, eta berori lantzeko adostasunak bilatu direla azaldu zuten: HABEko ordezkariekin batera aritu dira euskaltegietako arduradunak, eta baita Nafarroako Gobernua, Euskarabidearen bitartez, zein Euskararen Erakunde Publikoa. Elkarren arteko lankidetzaren balioa garrantzi handikotzat jo zuten Uriartek eta Baztarrikak, honelakoetan bakarkako saiakerak behar bezain eraginkor ez direlakoan.
Helduen irakaskuntza estrategikoa da euskararen sustapenari dagokionean, ohiko hezkuntza sistemak eman behar duenarekin batera, eta ezagutzatik abiatuta erabilerara doan jauzia erabakigarria da hizkuntzak aurrera egin dezan, normalizazio prozesua bururaino eraman dadin. Euskara ikasten hasten direnei motibazioa eta laguntza eskaini behar zaie, eta dakitenei barra-barra erabiltzeko aukerak eman eta horretara bultzatu. Guzti horretan sakontzean dago gakoa.

 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes