viernes, 5 de junio de 2015

San Antonioko Jaiak, Gallartan


Abanto-Zierbena, Las Karreraseko jaien ostean, Gallartako festei hasiera emango die gaur, 80 jarduera baino gehiagoz osatutako adin guztientzako programaz. 

Jaiak gaur hasi eta ekainaren 14an amaituko dira. Arratsalde honetan txupinazoa bota eta Gallartako Emakumeen Elkarteak pregoia irakurriko du. Ondoren Kontxaren (jaien ikonoa) jaitsiera izango da, Meatzaldeko Harrigorria Dantza taldea, Club Deportivo Gallarta eta ACHA Udalerriko Merkatarien eta Ostalarien Elkartearen partaidetzaz. 

Kultura eta kirolak protagonista nagusiak izango dira San Antonioko jaietan. Kirolarekin hasita, Txelu Izagirreren omenezko esku-pilotako txapelketaz gainera, partida profesionalak ere izango dira: pala-partida, Gaubeka- Perez bikotea Zubiri-Imanolen aurka eta, binakako esku-pilota partida, Berasaluze II eta Larube, Elezkano II eta Aretxabaletaren aurka. Gallartako Txikito frontoian jokatuko dira partida guztiak. 

Futbolari dagokionez, San Antonioko zortzigarren txapelketa jokatuko da San Miguel zelaian, CD Gallartak antolatutakoa, baina beste kirol-txapelketak ere prestatuko dira: arku-tiroa, areto-futbola, aerobica, plater-tiroa, eskalada, Open Nazioarteko Xake txapelketa eta harri-zulatzaileen txapelketa. 

Horrez aparte, hainbat kultur jarduerez gozatzeko aukera izango dute Gallartako herritarrek: euskal dantzak, kale-antzerkia (helduentzako zein haurrentzako), aire zabaleko pintura-lehiaketa, herriko taldeen kontzertuak, dantza-jaialdiak, Meatzaritzaren Museora bisitak, Bilbao Sax Quarteten kontzertua (San Antonio elizan) etabar. 

Gastronomia eta haurrentzako jarduerak ere ez dira faltako San Antonioko jaietan. Aurten 48. paella-lehiaketa prestatuko da eta Gallartan hain errotuta dagoen perretxiko, onddo eta lore dastaketa  izango da. Adinekoek bazkari bereziaz gozatzeko aukera izango dute eta haurrek apar-festa, ekainaren 13an (larunbata). Horrez gain, haur-parke eta uretako puzgarriekin primeran pasatuko dute. 

Jaietan zehar arrisku-jarrerak prebenitzeko kanpainak antolatuko dira. Horretarako, sentsibilizazio-mezuak eta pegatinak banatuko dira txosnetan, tabernetan eta ostalaritza-zerbitzuetan, honako leloz: “Berdintasun jaiak. Hemen ez dugu eraso sexistarik onartzen”, “zero tolerantzia” eta “Jaietan jai, tú verás, /Zuk zeuk”. 

Azpimarratu beharra dago, udalaren garbiketa-zerbitzuak zerbitzu berezia emango duela zonalde publikoak ondo mantentzeko, jaiegunetan zehar zein horien ondoren. 

Jai-programa, hemen.

San Antonioko Jaiak hasi dira, Gallartan
San Antonioko Jaiak, Gallartan.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes