viernes, 12 de junio de 2015

Hizkuntza aniztasuna Europan

Euskarak eta bere ordezkari direnek Europa mailan eman dezaketen itzala garrantzitsua da euskal herritarrontzat. Hiztun aldetik handienen artekoa izan ez arren, bertoko hizkuntza beti izan da oihartzun zabalekoa gure mugetatik urrun, bere jatorriari dagokionez hainbatetan esan eta idatzi direnek interes berezia sortu dutelako han-hemen. Ostegunean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarraren (NPLD) presidente aukeratu zuten Helsinkin, aho batez. Baztarrikak orain arteko buru Jannewietske de Vries frisiarraren lekukoa hartuko du. NPLD deritzanak Europako hizkuntza konstituzional, eskualdeetako eta Estatu txikietako hiztunen interesen defentsan dihardu, eta bertako kide dira Estatuak, erkidego autonomoetako eta eskualdeetako gobernuak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta hizkuntza plangintzari dagokionean lanean ari diren erakundeak. Horiek guztiek bilduta, NPLD ahots bakarreko plataforma da, eta gobernuei aholkuak ematen dizkie.
Arduradun politikoak hizkuntza aniztasunaren aldeko lanera eraman nahi ditu sareak, Europako Batasunaren politiketan aniztasun hori helburu eta zehar-balio izan dadin. 35 kidek osatzen dute gaur egun NPLD. 12 eskubide osokoak dira eta 23 kide asoziatuak, tartean Europako zenbait unibertsitate. Esparru horretan lehendakaritzatik aritzea balio handikoa da euskararentzat. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan koofiziala den arren, Nafarroan arazo gehiago izan ditu eremu ez euskaldunean aurrera jo ahal izateko eta Iparraldean, aldiz, Frantziako Gobernuak ez dio inolako ezagutza ofizialik eman, nahiz eta berriki Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna sina dezakeela jakinarazi duen. EAEtik kanpo euskarak bere legezko estatusarekin lotutako hainbat arazo ditu oraindik, eta orohar hartuta diglosia egoeran jarraitzen du, sustapenaren behar handiz. Europa mailako foroek ikuspegi zabalagoa ematen diote euskararen aldeko lanari, eta egoera beretsuan eta baita askoz okerragoetan ere dauden beste zenbait hizkuntzetako ordezkari direnekin elkarlanean aritzeak sinergiak ahalbidetzen ditu eta euskararen errealitatea Europa mailako erakundeetan ezagutarazteko oso aproposa da. Bide horretan egindako urrats orok asko balio du, eta Patxi Baztarrika ordezkari ezin hobea da honelakoetan jarduteko.

     

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes