miércoles, 24 de junio de 2015

Guggenheim gerturatu

Bilbo, Bizkai eta Euskal Herri osoko bitxietakoa da Guggenheim Museoa. Hiriburuak mundu mailan ezaguna izateko azken bi hamarkadotan egin duen jauzian funtsezko zeregina izan du, ikono unibertsala bihurtu baita. Frank Gehryren maisulana ez da arkitektura mailako mugarri soila, bere inguruan dagoen guztiari begira ezin oparoagoa da eta. Bilbo berriaren ikur nagusia biziki estimatua da han eta hemen, baina hasieran kritikaren batzuk jasan zituen. Elitistatzat jo zuten zenbaitzuek, bertoko artetik urrun zegoelakoan. Hala ere denborak funtsik gabe utzi ditu kritika horiek: Guggenheim Museoarena arrakasta borobileko historia da, dagoen udalerrian eta lurraldean erabat txertatzea lortu duenari dagokiona.
Artea eta kultura orohar Bizkaiko hiri nagusiaren ezaugarrietakoak dira gaur egun. Eta horretan zerikusi ezin handiagoa du Abandoibarrako eraikinak, eta barruan hartzen duenak. Nazioarte mailan garrantzitsuenetakoak diren artisten erakusketez gain, Jeff Koons-ena dago ikusgai egunotan, Guggenheimek hasten ari direnak ere aintzat hartu nahi ditu. Asmo horretatik sortua da 'Artea ikasbide' izeneko egitasmoa. Hala, erakusketa horretan, amaitu berri den ikasturtean aipatutako izena daraman hezkuntza-programan parte hartu duten 6 eta 12 urte bitarteko 143 haurren lanen hautaketa ikus daiteke. Helburua Lehen Hezkuntzako eskola-curriculuma sendotzea da, artea ikaskuntzarako tresna modura baliatuta.
Programa honen baitan, disziplina eta teknika artistikoak -argazkilaritza, pintura, eskultura, bideogintza edo performacea, esaterako- errealitatea ezagutu, arakatu eta ulertzen saiatzeko baliabide bilakatzen dira, norbanakoaren adierazpenaren balioa eta sortzeko askatasuna azpimarratuz. Euskal Autonomia Erkidego osoko eskola-taldeek hartzen dute parte ekimenean eta oraingoan Arrateko Andramari (Eibar), Birjinetxe eta Otxarkoaga (Bilbo), Kueto (Sestao), Lamuza (Laudio) eta Ramiro de Maeztu (Oion) ikastetxeak aritu dira bertan. 'Artea ikasbide' 1998an abiatu zen eta orduz geroztik ekarpen oparoa egin die hainbat eta hainbat ikasle eta irakasleri. Izan ere, 1999tik ikasleek, artistek eta irakasleek kultur elkartrukea egiteko aukera izan dute EAE eta New Yorkeko Lehen Hezkuntzako ikastetxeen artean.
Aurtengoan, Guggengeim Museoak bi gelatan erakutsiko ditu sei ikasle-taldeen lanak irailaren 20ra bitartean. Bertara bisitan joateak aukera berri bat eskainiko du, beraz. Artea ikuspuntu ezberdinetatik bizitzekoa. Jeff Koons-en begietatik, bai, baina baita bertoko gaztetxoenetatik ere. Ez da aukera makala. Artea ez baita urrun eta eskuraezin dagoen zerbait, gutxien espero dugunean sortzen den txinparta miragarria baizik.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes