sábado, 6 de junio de 2015

Ez geroko gerotan geratu

Euskararen inguruan ekitaldi eder asko antolatzen da urtean zehar, beronen erabilera sustatzeko batzuk, lege aldetik egon litezkeen mugak gaindi daitezen aldarrikatzeko beste zenbait eta egindako lanaren aitorpen gisa bat baino gehiago. Lehenen artean koka daiteke azken zortzi urteotan Bilbon egiten ari denetako bat, klasikoen irakurketa jarraitua hain zuzen. Bilbo Zaharra euskaltegiak fin antolatzen du eta oihartzun handikoa da. Aurreko urteetan euskal literaturaren historian izan diren izen handienetakoak omendu dituzte eta aurten, aldiz, bizirik dagoen klasiko bati egokitu zaio gorazarrea: Joseba Sarrionandiari. Hala, joan den barikuan hainbat lagun bildu ziren 125 urte bete berri dituen Arriaga antzokian aipatutako idazle handiaren 'Narrazio guztiak' ipuin-bilduma 392 pertsonaren ahotan jartzeko.
Sinbolismoz betetako ekitaldia da, eta esangura berezikoa. Euskara ikasten dihardutenei omenaldia egiteaz gain, euskal literaturaren indarra gogoratzeko ere balio du, hainbat bitxitakoa baita euskarazko letra idatzien jarduna. Aurten, gainera, Aitor Mazo aktore zendu berria gogoratu zuten bertaratutakoek eta Bea Antton bere alargunak eta Nerea Mazo alabak irakurri zituzten liburuaren azken pasarteak iluntzean.
Aurreko edizioetan Axularren 'Gero', Mogelen 'Peru Abarca', Miranderen 'Haur besoetakoa', Saizarbitoriaren 'Hamaika pauso', Urretabizkaiaren 'Zergatik panpox', Atxagaren 'Obabakoak' eta Arestiren 'Harri eta herri' izan dira aukeratutako idazlanak. Horiek guztiak sakon ezagutarazten saiatzeaz gain, klasikoen irakurketa jarraituak euskarazko literaturan pausatu nahi izan du hainbat herritarren begirada. Izan ere, ekitaldi zehatzen gainetikoa behar du horren kontsumoak normaltasunera gerturatzeko eta horretan laguntzeko bide bat gehiago da honakoa, txalotzeko modukoa.
Euskal literaturak irakurtzea gustoko duen edonoren arreta merezi du, kalitatezko zer aukeratua baduelako. Euskararen alde egiten diren ekitaldi guztiak dira beharrezkoak, tamalez, baina egunerokoa da benetan ezinbestekoa. Aldeko aldarrikapenek gutxi balio dute ohikoan, muinekoan, benetakoan, erabileran eta kontsumoan hain zuzen, geroko gerotan geratzen bagara. Hor dago koxka, hor dago gakoa.

     

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes