martes, 30 de junio de 2015

Aitzindariak

Gaur gaurkoan galduta ibiltzen gara gehienetan, iraganekoak aintzat hartzeko asti barik. Baina merezi du oraingoaren jatorri direnetako askoren abiapuntura jotzea, hainbati merezi duten aitortza egiteko eta garai zailagoak gogoratzeko. Euskararen normalizaziorako bidean asko ibili da dagoeneko, baina gutxienez beste horrenbeste geratzen da helmugara heltzeko. Mugarri erabatekoa izan zen 1968an Euskaltzaindiak batuaren alde Arantzazun, non bestela, egindako urratsa. Gerora horri lagundu zioten idazle, sortzaile, irakasle, abeslari eta beste hainbat arlotako askok, euskal hizkuntza zapalketaren eraginez zegoen lotalditik esnarazteko.
70. hamarkadara jotzea zirraraz betetako bidaia egitea da. Gutako batzuk umekondo gineneko hartan hainbat aldarrikapenekin lotuta zegoen euskara. Adierazpen askatasunarekin, nortasuna agertu ahal izatearekin, eskubide politiko, sozial eta ekonomikoekin eta bestelako askorekin. Orduan sendotu ziren benetan ikastolak, Saioka eta Ikastola liburutegia zeritzen testuliburuekin, orduan ekin zitzaion euskarazko literatura berritzeari Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga, Txillardegi, Ramón Saizabitoria, Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi eta beste askori esker eta garai hartakoa da kantautoreen loraldia, Xabier Lete, Mikel Laboa, Gorka Knörr, Urko, Benito Lertxundi, Artze anaiak, Jean Mixel Bedaxagar, Gontzal Mendibil eta abarren talentuak ahalbidetuta. Ez Dok Amairu taldeak hamaikatxo jarraitzaile izan zituen, eta uzta oparoa eman zuen haren haziak. Euskarak batasunaren bideari ekin zion, hainbaten lepo gainean, etorkizuna izateko, beste hizkuntzen pare jokatzeko. Koldo Mitxelena, Luis Villasante, Ibon Sarasola edo Xabier Kintana bezalako askok zeregin garrantzitsua izan zuten kritika askori aurrez eginez prozesua bururaino eramateko.
Askorekin gaude zorretan. Aipatutako guztiokin eta beste hainbatekin. Garai zailenetan, askatasunik gabekoetan, euskararen alde egin zuten guztien izerdiari esker heldu gara honaino. Asko dago egiteke: elebitasuna benetako bihurtzea, diglosiarekin amaitzea, etorkinak euskalduntzea, euskara bizitzako arlo guztietara normaltasunez eramatea... Baina zuri-beltzezko irudietara jo behar dugu guzti honen jatorria ezagutzeko. Ez bakarrik diktaduraren amaierakoetara, baita Errepublika garaian eta aurrerago egindakoetara ere. Katea oso luzea izan da, askoren ahaleginez osatutakoa, eta horri esker euskara inoiz baino indartsuago dago, baina bere biziraupenaren borroka irabaztetik urrun. Teknologia berrien eta sare sozialen esparrua jorratu behar da, politikan eta enpresan sendo egon behar du eta, orohar, umetatik hasita gizarteko zokondo guztietan ekin behar dio. Duela mende erdi inguru askok egin zutena aintzat hartzeak indarberritu egiten du oraindik aurrera egin beharrekoei heltzeko gogoa eta horretarako konpromisoa. Bai, oso harro gaude haietaz, bidea zein den erakutsi zigutenetaz

.      

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes