jueves, 18 de junio de 2015

Aberats gehiago

Harrigarria ematen du, baina hala da: Espainiako aberatsen kopuruak gora egin du 2008tik, eta ez gutxi gainera, %40 baizik. Capgemini eta Royal Bank of Canada Wealth Management dira datuok bildu dituen txostenaren egileak, eta milioi bat dolarretik gorakoak hartzen ditu aberats modura, lehen bizilekua eta ondasun kontsumigarriak aintzat hartu gabe. Hau da, aipatutako kopuruko likidezia dutenak dira sailkapenean agertzen diren bakarrak. Hortik abiatuta, ondare handiak dituzten gizabanakoak %10 gehiago dira 2014tik. Duela zazpi bat urte krisia hasi zenez geroztik, kopuru horrek 2010ean eta 2011n egin zuen behera, baina gainerako urteetako norabidea guztiz bestelakoa izan da. Hala, 2008an aberatsak 128.000 ziren artean, gaur egun 50.000 lagun bildu zaizkie talde horretan.
Plazaratu berri diren datu hauek beste hainbat txostenek adierazitakoarekin bat datoz: aberatsen eta txiroen arteko aldea handitu egin da Espainian krisiak ekin zionetik. Berri txarra da gizarte kohesioaren ikuspuntutik, elite ekonomikoa gainerako sektoreetatik urrundu egin baita eta klase ertainak sekulako astindua pairatu baitu beheraldi ekonomikoak iraun duen etapa luze eta, hainbat aldetatik, amaigabean. Ezberdintasun sozialak sakontze horrek gizartea desegituratzen du, Europako eredua izan dena kolokan jarrita. Munduan zehar hainbat dira goiko eta behekoen artean distantzia handia duten herrialdeak, eta desoreka horiek kalte besterik ez diote egiten ehun sozialari, erabat ahultzen dutelako.
Aipatutako txostenaren arabera, Ipar Amerika eta Asia-Pazifikoa dira aberats berri gehien dituzten eskualdeak, eta azken hori lehena da berriz ondare handiko populazioari dagokionean. Mundu osoan, 2014an, 920.000 pertsona gehiagok lortu dute aukeratutakoen multzoan sartzea. Ondorioz, 14,6 milioi lagunek osatzen dute jada talde hori eta orotara biltzen duten aberastasuna 50 bilioi eurokoa da, 2013an baino %7 gehiago. Testuinguru horretan, Latinamerika da aberastasunak behera egiten duen zonalde bakarra.
Hurbileneko zein urruneko datuek zer pentsatua ematen dute ekonomiaren nondik norakoen inguruan. Egungo ereduak akatsak, bidegabekeriak eta desorekak ditu, eta horietako asko potoloak dira, milioika lagunengan eragiten dutenak. Premiazkoa da, beraz, horiek leuntzea eta aberastasunaren banaketa bestelakoa izatea, ongizatea ahalik eta pertsona gehiengana hel dadin.

      

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes