Aro digitalean garrantzi handikoa da euskara behar bezala kokatzea, etorkizun betekoa izan dadin nahi badugu. Hori da gazteen euskarri naturala eta, ondorioz, datorrenak hortik joko du. Aurretiazko euskarrietara berandu eta ahul heldu zen arren, orain aukera aparta du euskal hizkuntzak aitzindarien artean aurreko ilaretan egoteko. Eremu horretan, sare sozialak eta berauetako informazio jarioa dira euskararen presentzia neurtzen dutenetakoak. Lan txukuna egiten ari da hainbat eta hainbat euskaltzaleren eguneroko lanari esker eta Twiterren, esaterako, pozteko modukoa da lortu dena. Baina badira oraindik landu beharrekoak. 2005eko apirilaren 23an estreinatu eta hamar urte hauetan mundu osoko gazte askorentzat ezinbesteko erreferentzia bihurtu den YouTuben euskarak badu zer irabazi. Horretan lagundu nahi du Gaztea irrati kate publikoak abian jarri duen lehiaketak, 'Youtuberrak' izenekoak.
Izan ere, aurreko astelehenetik hasita hilero 500 euroko saria emango zaio YouTubeko euskarazko kanaletako bideo onenari. Gainera, urte amaieran onenen arteko onenak aukeratuko dira, bai euskarazko kanalen artean eta baita bideoei dagokienean ere. Baina hori baino gehiago ere emango du lehiaketak. Hala, ETB-1eko 'Gu eta Gutarrak' saioak bertan parte hartuko duten bideo guztiak eskaini eta komentatuko ditu, oihartzun handiagokoak izan daitezen.
Sariak potoloak izango dira. Aipatutakoez gain, udan sari berezi bat banatuko da eta uztail eta abuztu bitarteko bideo onenak 1000 euro bereganatuko ditu. Kanal onenak jasoko du zenbateko handiena, 2000 eurokoa hain zuzen, eta urteko bideo onenari 500 emango zaizkio. Guzti honekin partehartzea bultzatu nahi da, Euskal Herriko gazteen artean YouTuberekiko dagoen zaletasuna euskararen aldera eraman.
Kanal onena saritzeko aintzat hartutakoen artean originaltasuna, ikuslegoarekiko duen harremana, sare sozialetan egindako ekintzak, bideoen kalitatea eta aniztasuna eta bideoei balio erantsia ematen dioten elementuak egongo dira. Parte hartzera animatzen diren kanalek datu pertsonalak eta kanalaren beraren URLa bidali beharko dute youtuberrak@eitb.eus helbide elektronikora. Ekimena txalotzeko modukoa da, eta arrakasta handia merezi du.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.