José Mujica, 2010-2015 urte bitartean Uruguaiko presidente izandakoa, oso urruti dago ohiko politikoen iruditik. Ez bakarrik janzkeran edo estiloan, baita jarreretan eta pentsamoldean ere. Agian diktaduraren aurka gerrilari izandako garaitik datozkio bereizgarri dituen horiek guztiak, baina ezberdina dela ezin uka. Bere abizenak dioenez, euskal jatorrikoa da Mujica, birraitona Muxikakoa baitzuen. 2013ko udan etorri zen lehen aldiz, eta egunotan itzuli da, Lucia Topolansky bere emazte eta senatariari hedadura handiko baina populazio txikiko Bizkaiko herri hori erakustera. Iñigo Urkullu lehendakariarekin hiru ordu laurdenez bildu zen Mugica eta euskaldunen nortasunari buruz jardun zuen kazetariekin.
Amerika euskal jatorriko jendez beteta dago. Herrialde batzuetan besteetan baino gehiago, baina euskaldunek, herri oso txikia osatu arren, eragin handia izan dute kontinente osoan. Kalifornia edo Idahotik hasita Argentina, Uruguai eta Txilera arte hamaikatxo dira euskal abizenek identifikatzen dituztenak eta Euskal Herrira begira bizi direnak. Han jaiotakoak izan arren, ezin hobeto eutsi diote euren jatorrizko nortasunari askok, eta eurena eta euren arbasoena uztartzen saiatu dira. Mujica horren erakusgarri da. Estatu buru izatera heldu direnen artean ere bat baino gehiago dago, eta asko dira politika munduan jardun eta goi karguetan aritutakoak.
Urruntasunak jatorria mitifikatzen du, seguruenik, baina badugu zer ikasia amerikar euskaldunengandik ere. Gaur egun direnari uko egin gabe, euskal hizkuntza edo kulturarekin loturaren bat gordetzen saiatzen dira, harro. Bertako Euskal Etxeetan ekinean dabiltza beti, euskalduntasunaren sugarra itzal ez dadin. Euren arbasoak zein hiri edo lurraldetakoak ziren aintzat hartu gabe, mugei jaramon egin barik, batzen dakite, funtsezkoan elkar ulertzen. Euskal Herrira jauzi egiten dutenero hunkituta datoz, kuriositatez gainezka, lokarriak sendotzeko gogoz. Pepe Mujica bezalako asko euskal jatorrizkoen ikur bihurtu dira, eta onerako. Ideologiak gora-behera, zintzotasunak, lanak eta emandako berbarenganako errespetuak lotzen ditu horietako hainbat eta hainbat. Ez dira ezaugarri txarrak munduan zehar ibiltzeko.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.