viernes, 1 de mayo de 2015

Maiatzaren Lehena

Mundu mailako oihartzuna du urtero Maiatzaren Lehenak. Jairako eta aldarrikapenerako egun unibersala da, ohituren, kulturen eta pentsamoldeen gainetikoa. 1886an zortzi orduko lanegun eskean ibilitako Chicagoko Martiriak exekutatu eta hiru urtera ekin zitzaion Langileen Nazioarteko Egun gisa zabaltzeari. Geroztik, hainbat borroka eta eskaera bideratzeko baliagarri izan da, sindikatuek gorpuzten zituzten aldarriak milaka eta milaka lagunen mobilizazioen bitartez plazaratzekoa. Langileen egoera arras ezberdina da munduan zehar, kontinenteen eta herrialdeen arabera. Industrializatuenetan gutxieneko baldintzak aspaldi bermatuta daude, baina esklabutzaren pareko dira oraindik batik bat Asiako edo Afrikako hainbat lekutako beharginen egoerak. Nazioarte mailako elkartasuna funtsezkoa izan da beti aurrera egiteko eta, gaur egun ere, norberari dagozkionen alde egiteaz gain, ez dira ahaztu behar XXI. mendean han-hemenka zapalduak direnak.
Berton krisiaren irteeran ei gaudeneko aldarrikapenak egin dituzte sindikatuek. Hau da, ezinean igarotako urteetan galdutakoa berreskuratzeko urratsak eskatu dituzte. Drama sozial handi eta ugarikoa izan da zulorainoko gainbeheraren garaia, eta denbora eta baliabideak beharko dira langabeziari eraginkortasunez aurre egin eta sosegua etxe askotara berriz eramateko. Enpresen eta sindikatuen arteko elkar ulertzeko gaitasuna ezinbestekoa izango da bide horretan, arduraz eta eskuzabaltasunez jokatu eta alde bientzat emankorrak izan daitezkeen aukerak jorratzeko.

Ekonomiaren epe luzeko hobekuntzarako abiapuntuko Maiatzaren Lehena izan beharko litzateke aurtengoa. Belaunaldi gazteenek sekula ikusi gabekoak gertatu dira azken urteetan, aitona-amonek azaltzen zituzten garai ezin gogorragoetakoak ematen zutenak. Perspektiba sozialetik ekin behar zaio orain errekuperazioari, jokamolde desegoki eta basatiak alde batera utzita. Europa gehiago behar da horretarako ere, desafioak erraldoiak direlako, globalak, bakarka oso gutxi egin ahal izateko tamainakoak. Testuinguru horretan sindikatuak ez dira tresna zaharkituak, langileen interesen defentsak horien beharra baitu oraindik. Krisiak gauza askoren aurreko ikuspegi berria eskaini digu, hainbat balore berrindartzeraino. Ekonomiak pertsonen zerbitzura egon behar du, ez pertsonak ekonomiaren zerbitzura. Hori guztiok ikasi badugu, dena ez da alperrik joan.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes