Ekonomiaren norabidearen berri izateko hainbat adierazle har daitezke kontuan, batzuk zuzenagoak eta beste hainbat zeharkakoak edo, baina denak esaguratsuak. Horietakoa da edozein aireportuk urte batean zehar hartzen duen bidaiari kopurua. Negoziotan zein oporretan joan-etorriak egiteko ahalmena zenbat eta lagun gehiagoren esku egon, orduan eta hobea izan ohi da zonalde horretako osasun ekonomikoa. Bilboko aireportua, Loiukoa, Kantauri aldeko garrantzitsuena da eta krisiak gogorren jo duenean ere ondo eutsi dio pribilegiozko maila horri, oinarri sendoak dituelako. Apirileko datuak ezagutu dira egunotan, eta ezin hobeak dira. Orotara, 376.000 bidaiari hartu zituen aireportuak aurreko hilabetean, iaz tarte berean baino %6,3 gehiago. Zifra hau ez da bakarrik hamabi hilabete lehenagokoa baino hobea, Loiuren historian apiril batean izandako marka onena baita. Ez da edozer, beraz.
Gaur egunera arteko joerak berdintsu jarraituz gero, 2015a errekor guztiak gainditzeko moduko urtea izan daiteke. Urtarriletik apirilera bitartean, 1.179.660 bidaiarik egin dituzte euren joan-etorriak Loiutik, lehen lauhilekoetan historiako hirugarren zifra onena. 2007an eta 2012an baino ez zen muga hori gainditu. Apirilean jazotakoa dagokion testuinguruan kokatzeko, nazioarteko hegaldiak hartu behar dira kontuan. Hala, %14 egin zuten gora, 160.000 bidaiariri esker. Horretan zerikusi zuzena izan du British Airways konpainia Bilboko aireportura itzuli izanak, hamar urte eta gero bueltatu baitzen martxoaren 29an.
Lortutakoa garrantzitsua da, baina datorrenari begira badago itxaropenerako arrazoirik. Izan ere, hil honetatik Swiss Air Zuricherainoko hegaldiak egiten ari da, Norwegian-ek Oslora udaro egiten dituenak berrezarri ditu eta ekainetik aurrera Czech Airlines-ek Pragara eramango ditu inguruotan Txekiako hiriburua ezagutu gura duten guztiak. Guzti honekin, uztaila eta abuztua erabakigarriak izango dira urtea nola amaituko den jakiteko, baina zalantzarik ez dago 2015a Loiuko aireportuarentzat borobila izateko bidean dagoela.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.