lunes, 25 de mayo de 2015

Lan egiteko ordua

Hauteskundeen ostean, ekiteko ordua heldu zaie alderdi politikoei. Azken hilabeteotan eta bereziki kanpainan zehar agindutakoak betetzekoa eta gizarteak dituen arazo nagusiei erantzun eraginkorrak ematekoa. Emaitzak alde batera utzita, zoriontzekoa da domekako jardun demokratikoa eta une erabakigarri honetan herritarrek azaldutako konpromiso maila. Aurrean dauden erronkak ez dira nolanahikoak, batik bat ekonomiarekin lotutakoak. Izan ere, ekonomiak eta gai sozialek inoiz baino garrantzi handiagoa izan dute alderdi politikoen egitasmoetan eta botoemaileen erabakietan. Krisiak astindutako gizarteak erantzunak eskatzen ditu, aurrera begirakoan etorkizun hobea izateko asmoz.
Azken urteak gogorrak izan dira. Gainbehera ekonomikoaren laztasunak ia ez du inor ikutu gabe utzi. Estu eta larri ibili dira, eta dabiltza, herritar asko eta asko eta premia gorria dute egungoa gainditu eta errealitatean oinarritutako itxaropenari eusteko. Makroekonomiak hobera egin du nabarmen, baina jende xeheenak hori nabaritu arte ezin izango da esan etapa berri batean gaudenik. Horrek izan behar du alderdien lehentasuna ondorengo urteetan, ongizate sistematik kanpo inor ez geratzea eta hobekuntza ekonomikoa denen poltsikoetara heltzea.
Politika eta ekonomia ezin estuago lotuta daude. Lehenetik bultzatu behar da jarduera ekonomikoa, enpresentzako giro egokia ahalbidetuz eta egonkortasuna bermatuz. Luze doan krisialdian enpresek ere gorriak ikusi dituzte, eta arnasa hartu beharrean dabiltza. Testuinguru politikoa lagungarri zein kaltegarri izan daiteke norabide horretan, eta maila ezberdinetan gobernu arduretan aritzeko aukera hautestontzietan irabazi dutenek ezin dute hori ahaztu. Pizgarriak behar ditu ekonomiak, momentu aproposean erabaki egokiak hartzea, bide orri zehatz eta landu politikotik bultzada jasotzea. Txarrena atzean utzi eta gero, bidegurutze antzekoan bozkatu dute herritarrek aurreko domekan. Ordezkari berri diren denek lagun dezakete erabateko lehentasun den susperraldi ekonomikoan, udaletatik hasita goragoko erakunde guztietara arte.
Datozen lau urteetan egin beharrekoa ez da makala. Luzaroan ez ditugu 2007ra arteko zifra positiboak berreskuratuko, baina urratsez urrats jo behar dugu xede horretara heldu bitartean. Arduradun politikoek ez dute ahaztu behar pertsonak direla lehentasuna eta oinarrizkoena baizik ez dutela eskatzen lanik gabe eta larritasunak janda dabiltzanek. Azken hamarkadetako jauzia ikaragarria izan da. Ginenera hurbiltzeko eta hortik aurrera helburu berriei ekiteko garaia da. Eta horrek politiko arduratsu, zintzo eta eraginkorrak eskatzen ditu.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes