domingo, 31 de mayo de 2015

Euskararen hiriburua

Ibilaldia ez da edonolako ekitaldia, Bizkaian euskararen alde ekiteko dagoen borondatearen isla baino. Aurtengoa Bilbon egin da, Lanbide Heziketako Harrobia ikastolak antolatuta. Orain artekoen perspektiba zabaltzen du horrek, ume eta gaztetxoen zentroez gain bestelakoetan ari diren ikastolen erakusgarri baita. Luzaroan euskara adin txikikoekin lotu da, gehiegi beharbada, berau berreskuratzea horien esku baino ez zegoelakoan. Baina hamarkadak ez dira alperrik joan, eta sasoi bateko haurrak gizon eta emakumeak dira gaur egun, ikasketak aspaldi bideratu zituztenak edo horretan ari direnak. Hala, euskal hizkuntza lan munduko esparru guztietan dago, horiei eskerrak. Euskara heldua da, eta helduei dagokie jada dagokion lekuan jartzea. Ezin gara beti geroko gerotan ibili, orain egin behar baitira urratsak.
Pozgarria da milaka lagun euskararen aldeko ekinean ikustea. Bereziki Bilbon bada. Garai batean Bizkaiko hiriburua eta euskara urrunduta zeudela ematen zuen, baina gaur egun egoera oso bestelakoa da, eta gero eta handiagoa gurea baino ez den hizkuntzaren oihartzuna bertako kale bazterretan. Hirietara jauzi egitea da normalizazio prozesuaren mugarrietakoa, euskara gero eta urbanoagoa izatea. Paisaia bukolikoak eta herri txikietako giroa ezinbesteko ditu, baina hori baino askoz gehiago behar du arnasa hartzeko eta etorkizuna bermatzeko. Horregatik, erabat estrategikoa da hirietan berau sustatzea eta bultzatzea. Euskara ez zen inoiz Bilbotik joan, eta beraz nekez esan daiteke itzuli denik. Bilbok bere oinarrizko ezaugarrietan daramalako, sortzetiko bere nortasunean. Eta harreman hori elikatu egin behar da orain, alde bientzat aukera betekoa delako.
Konplexurik gabe jo behar da aurrera. Beste hizkuntza askorekin bizikidetzan. Baina bertokoa baino ez denak bereziki zaintzea behar duela ahaztu gabe. Euskararen aldeko apustuak ezin du erdibidekoa izan, azalekoa, folklorikoa... Osoa behar du benetakoa izateko eta elebitasun edo eleaniztasun erreala ahalbidetzeko. Harrobia ikastola bezalakoek erakusten dute xede hori posible dela, eguneroko lanak fruitu emankorrak ematen dituela, eta asko egin dela jada. Urtero erabat arrakastatsua da Ibilaldia. Baina ezin du denborapasarako eguna izan. Euskararen alde milaka borondate batzeko balio behar du, hitzetatik hitzetara igarotzeko, baina gaztelerazkoetatik euskarazkoetara. Ahalik eta hizkuntza gehien menperatzea beti da beharrezko eta aberasgarri, baina garen hori egiten gaituena sekula ahaztu eta bigarren mailako jarri barik.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes