martes, 7 de abril de 2015

Sarako Biltzarra

Hegoaldean sarritan hitz egiten dugu Iparraldeaz baina gutxi dakigu bertan gertatzen denaz. Asko jota, Lapurdiko kostaldeko zenbait herri ezagutzen ditugu, turismoari dagokionez entzutetsuak direlako edo. Hortik aurrera, ia deus ez. Aurreko astelehen honetan Idazleen Biltzarra egin dute Saran, urtero legez, nahiz eta askori oharkabekoa egingo zitzaion. 110 idazletik gora, 26 kultura elkarte eta 22 argitaletxe bildu dira bertan. Ez dira nolanahiko zifrak, Euskal Herriaren txikitasuna aintzat hartuta. Meritua du horrelako zerbaitek, are gehiago 32.ez egiten denean.
Aurten ez da sari banaketarik izan, bi urtean behinekoa baita zeregin hori. Baina erakusketak izan dira. Horietan, Lehen Mundu Gerrak aparteko protagonismoa izan du. XX. mendeko Europa odolez blai utziko zuten triskantzetako estraineko haren mendeurrena iaz bete zen. Frantzian saminez gogoratzen da oraindik orduko hartakoa, eragin handikoa izan baita bertako historia garaikidean. Euskal herritar franko hil zen lau urte haietan, eta horien oroitzapena bizirik dago oraindik. Horrekin lotuta, bi liburu aurkeztu ziren bertan: Eneko Bidegainen ‘Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria’, Elkar argitaletxeak plazaratua, eta Patri Urkizuren ‘1914-1918. Lekukoak’, Maiatz-en eskutik datorrena.
Euskaltzaindiak ere zenbait libururen aurkezpena egiteko baliatu du Sarako Biltzarra. Hirurena, zehazki: ‘Bahnar deitu Salbaiak’, Pierre Dourisbourek idatzi eta Jean Elissalde ‘Zerbitzari’k euskaratu zuena, Natalia M. Zaïkaren ‘Approche textologique et comparative du conte traditionnel basque dans les version bilingues de 1873 à 1942’ eta, azkenik, Txomin Peillenek moldatutako ‘Mongongo Dassanza. Albaitaritza idazlanak (1692-1892)’ izenburupekoa.

Durangokoa Euskal Herri mailako liburu azoka garrantzitsuena da, ezbairik gabe, baina Sarakoak ere badu berea. Euskaradunok gehixeago begiratu beharko genuke Iparraldera, noizean behin gutxienez, bertan ere badirelako aberasgarri izan dakizkigukeen kultur agerraldiak eta bestelakoak. Sara euskal kulturaren hiriburu izan da aste santu inguru honetan, hainbat eta hainbat horretaz jabetu ez diren arren.
   

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes