lunes, 13 de abril de 2015

Mugarri beharrean

Berriki jakinarazi duenez, Hillary Clinton Estatu Batuetako presidente izateko lehiatuko da datorren urtean. Horretarako, lehenik Alderdi Demokrataren hautagaitza lortu behar du. Duela zazpi urte ere saiatu zen, baina alperrik. Ordukoan, Etxe Zuriko gaur egungo nagusiak irabazi zion, Barack Obamak. Oraingo presidentearen aukeraketa mugarri modukoa izan zen, kargu hori eurenganatu dutenen arteko lehen beltza izaki. Estatu Batuetan arrazen arteko harremanak bideratzen lagunduko zuela uste izan zen hasieran, baina azkenaldian poliziak hildako zenbait gizon beltzen kasuek eta ondorengo tentsioek kolokan jarri dute itxaropen hori. Dena den, Obama birritan aukeratua izan ostean mendeetako muga bat hautsi da, arraza beltzeko bati presidente izatea eragozten ziona. Aurrerantzean, goizago ala beranduago, beste batzuk etorriko dira, bidea zabalik geratzen baita.
Antzeko efektua izan lezake Clinton Etxe Zurira heltzeak. Lehen emakumezkoa izango litzateke karguan eta horrek hainbat ondorio positibo ekar litzake maila politikoan, sozialean eta baita psikologikoan ere. Beste bide bat zabalduko luke, orain arte guztiz itxita egon dena. Historikoki andrek oso zail izan dute ardura handiko karguetara heltzea, eta horietako bat laster munduko lehen potentziaren buru izateko aukera ezin da anekdotatzat hartu, esangura eta eragin sakonekoa bailitzateke.
Munduan zehar hainbat emakume izan dira Estatu edo gobernu buru azken hamarkadetan. 1960 eta 2013. urteen artekoan 80 aukeratu dituzte bi ardura horietako bat izateko. Iaz 22 ziren ardura karguotan ari zirenak. Itzal luzekoak ez dira falta izan zerrenda horretan, Golda Meir Israelen (1969-1974), Indira Gandhi (1966-1977/1980-1984) Indian edo Margaret Thatcher Erresuma Batuan (1979-1990), esaterako. Estatu Batuetako presidentea emakumea izatea bide horretako urrats nabarmenetakoa izango litzateke, zalantzarik gabe.

Gorengo ardura karguetan emakume bat egoteak ez du horien berdintasunik bermatzen, baina indar sinboliko eta praktiko handikoa da. Zoritxarrez mundu zabalean asko eta asko geratzen da emakumeen eskubide guztiak aintzat hartu eta benetako parekotasunera heltzeko, baina politika feminizatzea oso lagungarri izan daiteke agenda politiko eraginkorra lagun izanda. 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes