Unai Elorriaga eta Felipe Juaristi dira 2014ko Kritika
Sarien irabazleak, zapatu honetan Pontevedran jakinarazi denez. Zehazki,
lehenari narratiba sailean egin diote gorazarre, ‘Iazko hezurrak’ lanari esker,
eta bigarrenari poesiari dagokionean, ‘Piztutako etxea’rekin. Sariok 1976tik
banatzen ditu Espainiako Literatura Kritikoen Elkarteak, eta gazteleraz
argitaratutako liburu onenak nabarmentzeaz gain, katalanezkoak, galizierazkoak
eta euskarazkoak ere aintzat hartzen dituzte. Dagoeneko oso luzea den sarituen
zerrendan euskal idazle garrantzitsuenetakoak daude, eta ia inor falta ez dela
esan liteke. Izen horien artean daude Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia,
Joan Mari Irigoien, Anjel Lertxundi, Pako Aristi, Harkaitz Cano, Kirmen Uribe
eta maila handiko beste hainbat idazle.
Elorriagaren kasuan, bere nobelako “pertsonaiak biolentziarekin
duen obsesioa” eta erakusten ei duen “giza izaeraren ikuspegi ezkorra”
azpimarratu dute epaimahaikoek, eta Juaristirenean, aldiz, “pieza abstraktoen eta molde
humanistagoa dutenen arteko uztarketa”. Bata zein bestea izen handiak dira
euskarazko letretan, eta ondo merezitakoa dute orain jasotako saria. Bi hauez
gain, edizio honetan saritu dituztenak honakoak dira: Andrés Ibáñez eta Lorenzo
Oliván (gazteleraz), Toni Sala eta Màrius Sampere (katalunieraz) eta Xabier
Quiroga eta Gonzalo Hermo (galizieraz). Sariak banatzen dituen elkarteko
presidente Ángel Basanta jaunak berauen prestigioa azpimarratu zuen, diruzkoa izan
ez arren, eta horiek gabe “lau hizkuntzetako literaturaren historia ulertu ezin”
daitekeela iritzi zion.
Hainbat idazlan hedabideetara eramaten dituzten aukera guztiak
oso garrantzitsuak dira beti euskarazko literaturarentzat. Irakurle gehiagoren
premia gogorarazteko ere aproposak izaten dira sari banaketak, kalitate
beharrean ez daudelako euskarazko narratiba eta poesia. Bestelako hizkuntzetan
irakurtzeaz gain, bertokoari ere aukera eman behar zaio noizean behin,
eskuartera eramandako askok onerako harrituko bagaituzte. Elorriaga eta
Juaristi beste askoren arteko idazle handi bi dira, euskararen harrobia
aberatsa baita, zorionez.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.