lunes, 6 de abril de 2015

ESZEPTIKOTASUNA ETA IDEIA BERRIAK


Bizian aurrera egin ala, umetan bizi dugun sineskortasuna maila batean edo bestean galduz joaten gara. Bide horretan, bizitzaren gertakariak maisurik onena izanez, bakoitzaren izaera borobilduz eta, baita ere, gogortuz joaten da. Eta hori horrela izan behar du, hau da, ezin dugu kritikotasun maila egoki bat erabiltzeari utzi, inozoen bidean sartuko ginateke eta.
Kasu askotan, eszeptikotasun “sobredosia” aplikatzen dugu, batez ere gaur egungo politikariak telebistan entzutean, ekonomiari buruzko aurreikuspenak “jakintsu” batek azaltzen aditzean edo, zergatik ez, eguneroko lanean gure nagusia gure etorkizunari eta konpromisoari buruz hitz egitera hurbiltzen zaigunean, adibidez.
Beste askotan, bestalde, eszeptikotasuna guztiz ahaztuta gelditzen zaigu, aurreko adibideetan baino gauza sinesgaitzagoak izan arren ere. Kilo batzuk galtzeko dieta miragarri bat, bukatu ezinezko energia iturri berri bat gobernuek nonbaiten gordeta dutena, meditazioa erabiliz gaixotasunak saihesteko ahalmena edo, zergatik ez, egunero bisitatzen gaituzten estralurtarrak, …
Nola izan gaitezke, aldi berean, hain eszeptiko eta hain sineskorrak? Nola esan dezakegu politikari bat gezurti hutsa dela pilula homeopatiko batzuk erosten ditugun bitartean? Lortu behar dugun edozein gauzarekin engainatuko gaituztela uste dugun bitartean (bigarren eskuko kotxe bat erostean, adibidez), sinetsi nahi dugun beste edozeinekin (berpiztea lortzeko fede aproposa, adibidez), kasualitatez topo egin dugula uste izango dugu.
Eszeptikotasuna neurri aproposean beharrezkoa dela inork ez du zalantzan jarriko. Baina bizitzaren aurrean planteamendu eszeptiko hutsak sentipen negatibo ugari (frustrazioa, munduarekiko haserrea, bakartasuna) ekarri litzake. Gure begiak aldaketari, berrikuntzari, planteamendu kritikoei eta, azkenik, pentsaera aldatzeko aukerei, itsu bihurtuko zaizkigu eszeptiko hutsak bilakatzen bagara.
Eta hor dago zoriontasunaren oinarria, sineskortasunaren eta eszeptikotasunaren arteko oreka mantentzeko gaitasunean. Eszeptikotasuna entropia bezala da, hau da, beti handitzen doa eta energia ugari, ilusioa, behar dugu aurre egin eta bere lekuan mantentzeko.
Eszeptikotasunari buruzko oso artikulu dotorea Carl Saganek idatzi zuena, “The Burden of Skepticism”, Skeptical Inquirer, Vol.12.1, 1987, eta interneten dohainik eskuragarri dagoena.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes