miércoles, 1 de abril de 2015

Berri onak

Azkenaldi honetan ekonomiarekin lotutako albiste onak kateatzen ari dira, zorionez. Herritar xeheak hori nabarmen nabaritu arte krisia gaindituta dagoela esaterik ez dagoen arren, indize nagusiei dagokienean norabide aldaketa argia gertatzen ari da. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan zerga bilketak, aldundien Ogasun sailen esku dagoenak, urteko lehen bi hilabeteetan %7,5eko igoera izan duela eman zen ezagutzera martxoaren azken egunean. Dena den, adituek diotenez, urtarrila eta otsaila ez dira bereziki esanguratsuak izaten maila honetan eta zuhur jokatu behar da. Haatik, aipatutako hobekuntza beste hainbat indizerekin lotutakoan, ekonomiaren berpizte prozesua atzeman daiteke.
Orotara, hiru aldundiek 2.054 milioi euro bildu dituzte lehen bihilabetekoan, iazko epe berean baino 143,2 milioi gehiago. Baina lurraldeen artean badira ezberdintasunak. Hala, zerga kontzertatuen ondoriozko bilketak gora egin zuen bai Bizkaian eta baita Araban ere, baina Gipuzkoan behera jo zuen, %3,8 hain zuzen. Lehenengo lurralde historikoan, 1.329 milioi jaso zituen Aldundiak, iaz baino 147,4 milioi gehiago. Zerga moten araberako bereizketa egiterakoan, ogasunei diru gehien eman zietenak Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga (PFGZ), lan merkatuaren bilakaerarekin lotuta dagoena, eta Balio Erantsiaren Zerga (BEZ) izan ziren. Azken hau kontsumoaren norabidearekin estu dago bat eginda eta honek sekulako garrantzia izango du pizkunde ekonomikoa behin betikotzeko. PFGZ-ak 1.060,8 milioi euro utzi zizkien poltsikoan aldundiei eta BEZ-ak, aldiz, 817,6 milioi. Hala, lehenak %10 egin zuen gora aurreko urtearekin alderatuz eta bigarrenak, %27,5.

Datozen hilabeteotan aipatutako joera sendotzen den ikusi beharko da, baina dagoeneko ukaezina da maila makroekonomikoan zerbait aldatzen ari dela azken hilabeteotan. Europa, Espainia zein Euskadiko erakundeek aurrikuspenak hobetu dituzte aurtengorako eta datorren urterako eta langabezia tasaren jaitsiera ere iragarri dute, nahiz eta oraingoz nahikoa izatetik urrun geratuko den. Haatik, zulotik gorako joera indartze hori albiste ezin hobea da herritar sufrituentzat eta baita erakundeentzat ere. 
   

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes