Apirilaren 26a ez da edozein egun Euskal Herrian duela 78
urtetik. 1937ko hartan Gernika bonbardatu, txikitu eta sutan kiskali zuten
nazien hegazkinek, gerra zibil bihurtutako Francoren altxamendu militarra
garaile izan zedin laguntza lanetan zebiltzanek. Hasieran ‘gorriei’ egotzi
zieten jazotakoaren ardura legezko Errepublikaren aurka aritutakoek. Baina
zenbait kazetari treberen laguntzaz nazioartean zabaldutakoak tamaina
horretako gezurrak ukatu eta sarraskiaren egileak nortzuk ziren argi nabarmendu
zuen. Askoz beranduago, Alemaniak bere errua aitortu eta barkamen eskaera
egin zien gernikarrei 90. hamarkadan.
Bakearen eta Kulturaren Hiri bihurtu da Gernika-Lumo.
Picassoren koadroak mundu mailako sinbolo bihurtu zuen eta, sarraskitutako
beste hiri askorekin batera, lanean aritu da unean uneko gatazkak bideratzeko
lagungarri izan nahian. Jasandakotik ekin diote guztiek, horrelakorik berriz gerta
ez dadin. Euskal Herrian oihartzun historiko ozenekoa izan da beti udalerria,
eta horrek egin zuen bonbaketarako apropos. Sinboloak suntsitzen saiatzea da
herri bat zigortzeko modu ankerren arteko bat. Baina Gernikak aurre egin zion guzti horri,
gorrotorik gabe, Arbolaren gordeleku den herriak behar duen moduan.
Urtero, apirilaren 26ro, hainbat lagunek gogoratzen dute bonbaketa.
Lekuko gutxi dago dagoeneko, baina ia gernikar guztiek ezagutzen dituzte egun
hari buruz aitona-amonek edo gurasoek zuzenean kontatutakoak. Astelehena zen,
merkatu eguna, eta inguruetako hainbat baserritar bildu zen ohiko moduan. Arratsaldeko
lauak jo aurretik hasi ziren hegazkin hotsak, eta ondoren heriotza eta
hondamendia besterik ez. Gaur egun, Nestor Basterretxea zenaren eskultura batek gogoratzen du zein
lekutan erori zen lehen bonba. Kanposantuan ekitaldi instituzionala egingo da
lehenik eta, ostean, gernikar talde batek, azken urteetan legez, kale antzerki
ikusgarri batekin eramango ditu egun ilun hartara hirigunean biltzen diren
ikusle guztiak. Gernikak ez du sekula ahaztuko, baina samin guzti hura bakerako gogo eta kulturaren hauspo bihurtu du.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.