Teknologiari dagokionean urtean zehar munduan egiten diren topaketen arteko garrantzitsuenetakoa hasi da Bartzelonan. Mobile World Congress (MWC) deritzanak sekulako eragina du hiriko jarduera ekonomikoan, bi mila enpresatik gora ari baitira bertan parte hartzen eta 90.000 bisitari inguru espero direlako, horien erdia baino gehiago goi mailako exekutiboak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, kongresuak 436 milioi euro utziko ditu hirian, eta behin behineko 12.500 lanpostu sortzen lagunduko. Zifra horiek ezin hobeto adierazten dute zein punta-puntakoa eta erabakigarria den maila ekonomikoan teknologiaren inguruan mugitzen den guztia.
Aurtengoan nobedade nagusiak soinean jartzeko gailuen eta gauzen interneta deitutakoaren eskutik etorriko dira. Lehenengoen artean erlojuak dira nagusi oraingoz, gero eta funtzionalagoak eta sofistikatuagoak. Bigarrenari buruz ari garenean, ostera, eguneroko gailu eta produktuen elkarren arteko interkonexioaz mintzo gara.Gaur egun, 60.000 milioi produktu inguru daude internetera konektatuta eta prozesu hori azkar areagotuko da hurbileko etorkizunean. Etxeko gailuetan, osasun mailakoetan eta, besteak beste, ibilgailuei dagozkienetan eragingo du guzti horrek uste baino lehen.
Apple ez dago Bartzelonako kongresuan, baina eragin zuzena du bertan dauden enpresengan. Android sistema eragilearen baitan nagusietakoak direnetako bik egunotan aurkeztu dituzte iPhone 6ari aurre egiteko euren sakelako telefono sortu berriak: Samsung-ek bere Galaxy S6-a eta HTC-k, One M9 deitutakoa. Horiez gain, Sony, LG edo Nokia bezalakoek ere euren azken nobedadeak aurkeztuko dituzte bata bestearen atzetik.
Internetek eta sakelako telefonoekin lotutako teknologiak guztion bizimodua aldatu dute azken bi hamarkadotan. Berrikuntzak ziztu bizian heldu dira, gainera. Komunikatzeko era guztiz irauli dute, eta baita mundua ikusi eta ulertzekoa ere. Mugak eta distantziak hautsi dituzte. Iraultza horrek bizi-bizi jarraitzen du, gero eta abiada handiagoan, eta geraezin. Zaila da urte gutxitan nora eramango gaituen asmatzea, goitik beherako berrikuntzak datozelako.
Garrantzitsuena gizaki gisa dagozkigun ezaugarriak bidean ez galtzea da, horietan oinarrituta teknologiari esker hobera egitea. Erronka horri eusteko datorrena modu egokian baliatzen ikasi beharko da, hoztasun teknologikoari giza berotasuna emanez. Historian zehar sakonekoak izan diren aldaketek beti sortu dute ezinegona, eta baita beldurra ere. Martxan dagoena inoizko sakonenetakoa da, zalantzarik gabe, norbere burua eta lagun hurkoarena ikusteko modua bera errotik aldatzen ari baita. Horregatik, aurrean daukagun horren barrenak ezagutzea ezinbesteko da. Onerako zein txarrerako.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.