Herri batek mundu zabalean izan ditzakeen enbaxadore onenak
kulturarekin lotutakoak izan ohi dira. Eta gurean Kepa Junkerari asko zor
diogu, maila goreneko erakustaldien bitartez ezagutzera eman gaituelako hainbat
bazterretan. Ibilbide oparoa du dagoeneko musikaren munduan, 35 urtekoa zehazki.
Eta horiek gogoratzeko ‘Hauspo ibiltaria’ izeneko erakusketa zabaldu berri da
Azkuna Zentroan maiatzaren 3a bitartean. Aurkezpenean esan zutenez,
Errekaldekoaren unibertsoari buruzko “zentzumen, ikusmen eta soinu erakusketa”
da honakoa. Bertan ikusgai dagoenaren bitartez, Junkeraren hainbat alde ezagun
eta ezezagunetan sakondu ahal izango da, bere kontzertuei eta bidaiei
lotutakoetan eta baita hainbat alorretako pertsonaia garrantzitsurekin izandako
harremanei buruzkoetan ere.
Junkerak “trikitiaren mundua irauli eta euskal musikaren
ikuspegia aberastu” duela uste dute erakusketa antolatzen ibili direnek, eta
ezin zuzenago dabiltza. Aski ezagunak dira trikitiaren inguruan egin dituen
ikerketa lanak, berea duen tresna beste batzurekin mestizajean uztartzeko
besteak beste. Horrek bide berrietara eraman du euskal musika, beste hainbat
lekutako musikekin kidetzearekin batera. Bilbotarra ez da, beraz, musikari
soila, ikertzaile zereginetan emankor aritze horrek hainbat esparrutara zabaldu
baitu bere itzala. Alde horretatik, Azkuna Zentroko erakusketak ikuspegi zabala
eskaintzen du Euskal Herrian nortasun berezi eta ibilbide aberatsekoa den
sortzaile honen inguruan.
Musikak aparteko garrantzia izan du beti euskal kulturan,
baita euskararen transmisioan ere. Eta azken hamarkadotan goi mailako protagonista
izan direnen arteko aipagarrienetakoa da Kepa Junkera. Erakusketa hau aukera ezin hobea da guzti hori hobeto ezagutzeko, egindakoaz hausnartzeko eta
aurretik datorrenaz ohartzen hasteko. Gure-gurea denetik xume abiatu, edonon
txalotzeko moduko kalitatez jantzi eta besteenekin naturaltasunez bat egiten
jakiteko maisua izan behar da. Hori da ‘Hauspo ibiltaria’k utzi duen arrastoa.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.