sábado, 14 de marzo de 2015

Euskahaldunak

Martxoaren 19an Korrikaren 19. edizioa abiatuko da Urepeletik Bilborako bidean, ‘Euskahaldun’ lelopean. Lehenengoa 1980an egin zenetik, euskararen aldeko ekitaldi jendetsu eta sinbolikoenetakoa bihurtu da, hizkuntzak azken hiru hamarkadotan onerako izan duen bilakaeraren lekuko. Egia esan, jauzia ez da makala izan tarte horretan. Ia desagertzear egotetik sendo indarberritzera igaro da, normalizazio prozesuan barrena abiatu eta hiztunak irabaztera. Hain etapa historiko laburrean lortutakoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Diglosia gainditu eta euskarari dagokiona emateraino aurretik bide luzea dagoen arren, perspektiba behar da egindakoari merezi duen garrantzia emateko. Honelako ekitaldiak behar-beharrezkoak dira oraindik, helmugan ez gauden seinale, nahiz eta kilometro asko egin eta ikaragarri aurreratu den.
Korrikak aldarrikapena eta jai giroa ezin hobeto uztartzen ditu, bertan parte hartzen duten milaka euskal herritarrak egiten ditu protagonista eta euskararen lurraldeak elkar gerturatzeko ere balio du. Tresna aparta izan da luzaroan, berea baino ez den hizkuntzarekin gizarteak duen konpromisoaren adierazgarri, eta hala jarraitzen du gaur egun ere, osasun beteko. Gainera, AEK-ren lana ikustarazterakoan bete-betean asmatu du, Koordinakundea euskararen alde asko emandakoa baita. Inor ez dago sobera zeregin horretan, eta guztion ekarpen zehatzak beharko dira aurrera egiteko.

Munduan ez ei dago Korrikaren antzekorik, eta ez da harritzekoa. Jendetza behar da honelako ekimen bat abiarazteko eta hainbeste urtetan arrakastatsu bihurtzeko. Euskarak, dena den, momentuan momentuko aldeko ekitaldiez gain, eguneroko urrats xumeak ditu ezinbesteko: bizitzako esparru guztietan barra-barra erabiltzea, alegia. Mikrokonpromiso horien araberakoa izango da euskararen etorkizuna. Hala, gakoa ezagutzatik erabilerara dagoen jauzi horretan dago, gero eta gehiago. Korrikak hori gogoraraziko digu hamar egunez, ahantz ez dezagun. Ezin gara keinuetan geratu, eduki gabeko sinbolismoan. Maitasun adierazpenetatik askoz haratago, euskarak hiztunak behar ditu. Bestela, alperrik izango dira Korrika eta gainerako guztiak. 
     

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes