Azken asteotan ez dago besterik hedabideetan: tantaka
bezala, herri guztietako alkatetzetarako aurkeztuko dituzten
hautagaien izen-abizenak ezagutzera ematen ari dira alderdi ezberdinak. Udal bozak
herritarrengandik gertuenekoak dira eta, neurri batean, maila politiko soila
gainditzen dute, giza ikutua erabakigarri egiteraino. Siglek garrantzia dute,
noski, baina pertsonek inoiz baino gehiago eragiten dute azken hautua egiterakoan. Maiatzaren
24an hauteslekuetara hurbiltzen direnek, soinean daramaten zerrendako gehienak
ezagutuko dituzte. Eta hiri handienetan ere, bat baino gehiago. Hala, auzokide
horien konpromisoa eta lan gaitasuna neurtzeak baldintzatuko du batzuen edo
besteen aldeko apustua, boz horietarako propio egindakoa.
Norbera bizi den udalerria hobetzen laguntzea lanik
ederrenetakoa da, zalantzarik gabe. Gehienetan, gainera, ez da inolako anbizioarekin lotutako asmoak
bultzatutakoa izaten, besteen alde jardutekoak baino. Euskadin sekulako jauzia egin
da azken hamarkadotan herrigintza horretan aritu diren hainbat eta hainbat
gizon-emakumeren lanari esker. Ez da bakarrik denborak aurrera egiteak ohikoan
dakarren hobekuntza izan, egitasmo sendo askoren eta kateatutako konpromiso
eskuzabalen ondorioa baino. Politikaren aurkako hainbat adierazpen egiten diren
honetan, ezinbestekoa da udaletan gogor lan egin duten guztien ekina aintzat hartu eta eskertzea. Eta hori egiteko modu eraginkorrena bozkatzea da.
Bizi garen udalerria azken hogeita bost urteotan zelan hobetu
den ikusteak perspektiba ematen digu. Politikak aurpegi on asko ere
badituelako, bokazioz, gardentasunez eta eraikitzeko gogoz ekiten zaionean. Gure
alkate eta zinegotzi gehienek horretan eman dituzte urteak, eta lorpenak
begibistakoak dira. Ez bakarrik agindu dutenei dagozkienak, egindakoa oposizioko zereginetatik hobetzen lagundu dutenena ere badelako horren zati bat. Eta guzti horiekin batera, beste herritar asko talde sozialetatik aritu dira, hori ere ekarpenak egiteko modu ezin hobea baita.
Elkarlana da etengabeko hobekuntzarako giltzarria. Horregatik merezi du batzuek eta besteek hemendik
aurrerakoan proposatzen digutena sakon aztertu eta egokien irizten diogunaren
alde egitea. Guztion partehartzeak ekarri gaitu gauden honetara. Eta horrexek
eramango gaitu bizi-kalitatez eta azpiegituraz gero eta hobeto hornitutako
udalerriak izatera. Kale mailako politika xume horretatik abiatuta hainbat gauza onerako
alda daitezkeelako.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.