viernes, 20 de marzo de 2015

Alkate osoa

Martxoak 20 dituen honetan urtebete igaro da dagoeneko Iñaki Azkuna hil zenetik, baina bilbotar eta bizkaitar askoren gogoan jarraitzen du. Eta ez da politika kontu soilengatik, inola ere, hori guztiz gainditzen duten bere jokamolde eta izaerarengatik baizik. Udal hauteskundeak bi hilabete barru izango direnean, ezinbestekoa da Bilboko alkate zena aintzat hartzea. Eredu bihurtu delako, ardura publikoetan garaiotan hain beharrezkoa den egiteko modu zehatz baten ordezkari nagusi. Norbere udalerriarentzat egitasmo sendo bat izateaz gain, hautagai oro herritarrei begietara begiratzeko gaitasunaren jabe izan behar da, jendea batzeko eta ez banatzeko, eta diru kontuetan ardura handiz jokatzeko modukoa. Gertueneko bozetan giza faktorea izan ohi da nagusi, eta hurbiltasun horretan ikus daiteke ezin hobeto zein den bakoitzak ematen duenaren neurria.
Denek ezin izango dute munduko alkate onena izan, baina inork ez lioke bere herrikideentzat halakoxea izateko gogoari uko egin behar. Norbere siglak gainditu eta bestelakoek ere norbere merituak goratzea ez da ondare makala politikan. Estu jarduten dutenek, enpatia maila txikikoek, ez dute inoiz horrelakorik lortzen. Azkunaren itzala oso luzea izango da politika hobetu nahi dutenen artean, berak egindako bidea jarraitu guran, baina politikaz zerbitzatu nahi dutenak ere harrapatuko ditu, inoiz baino lotsagarriago uzteko.
Krisi ekonomikoak agerian utzi ditu erakundeen, enpresen eta gizartearen gabezietako asko. Hala izanik, herritarren parte hartze zorrotzetik baino ezin izango da hori gainditu. Hautsitakoa berreraiki gura horretan, bikaintasuna bilatu behar da, etorkizuna hobea eta sendotasun handiagokoa izan dadin. Eta prozesu horretan aukeratuak diren ordezkari politikoek tamainakoak izan behar dute, onenen ereduaren oinordeko.

Dagoeneko Azkunari buruz berba egitea ez da politikaz jardutea bakarrik. Askoz gehiago da. Bere hiriarekin bat egiten jakin, berau sakon eraldatu, bikain kudeatu, sektarismoak baztertu eta herritarren atxikimendu zabala jasotzeko gai izan zen gizon bat gogoan hartzea beharrizan zibikoa da momentuon. Bizitzako esparru askotarako balio dute bere irakaspenek, horrelako erreferenteek ekarriko baitute etorkizun hobea. 
      

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes