Euskal gizarteak indargune handiak ditu, maila askotakoak, berezko nortasuna ematen diotenak. Behin baino gehiagotan erakutsi du bere benetako neurria zein den, bizitasun ekonomikoari, sormenari, gizarte eta kultur agerpide ugariri edo elkartasuna ulertu eta indarrean jartzeko moduei dagozkienetan, besteak beste. Baina bereizten duen funtsezko ezaugarrietakoa euskara da, eta berau zaindu eta sustatu beharraren inguruan ere adostasun zabalak landu dira azken hamarkadotan. 1982an Euskararen Legea abiatu zenetik asko aurreratu da, gizarte elebiduna, edo eleanitza, lortzeko bidean. Eragile politiko eta sozial nagusien arteko bat-etortze hori tresna ezin mesedegarriagoa eta baliagarriagoa izan da jatorrizko euskal hizkuntzaren esparru juridikoa eta teorikoa zehazterakoan, baina ahulguneak antzeman zaizkio guzti hori praktikan jartzeko orduan.
Belaunaldien artean nolabaiteko txanda-pasa antzekoa egiteko arriskua dago, benetako normalizaziorako urratsak atzetik datozenen esku beti uztekoa. Horregatik da hain garrantzitsua gure nortasunaren muinarekin lotzen gaituen hori babesteko, diglosiatik askatzeko eta indarberritzeko eguneroko ariketei ekitea, zain egon barik maila guztietan komunikazio tresna modura baliatzea. Eta hori, noski, euskal herritar guztiei besoak zabalduta egin behar da, inor baztertu barik, integratzeko asmoz. Euskararen munduan daudenak aktibatzea erabakigarria da, eta bertan ez dabiltzanak hurbilaraztea. Modu positiboan ekin behar zaio xede honi, euskara erakargarri bihurtuta.
Hala, bertoko erakunde nagusiek hamaikatxo kanpaina bultzatu dituzte elkar ezagutza horretatik fruitu emankorrak jasotzeko. Denboran oso atzera jo barik, iaz 'Poziktibity' izenekoari ekin zion Eusko Jaurlaritzak, euskara ikasteak dituen abantailez eta ezagutzera ematen duen mundu berriaz ohartarazteko. Kanpaina ezin borobilagoa da, nondik jo behar den bikain erakusten duena. Izan ere, euskarak ezin du sekula arazo izan, ez enpresa munduan, ez kirolean, ez politikan eta ezta, orohar, gizartean. Elkar ulertzeko tresna izan behar du, zentzu guztietan. Euskaradunen komunitatea zabaltzeak eta bertakoen erabilerak emango dio normalizazioa, hor baitago gakoa.
Hizkuntza bat ikur soil bihurtzen bada bereak egin du. Hiztunen eguneroko berotasuna du elikagai, horien eskutik plaza guztietan oihartzuna lortzea. Iragan oso luzekoa da euskara, eta hainbat borondateren batuketak emango dio etorkizun oparoa. Aro digitalean konplexurik gabe lortu behar du ekarpenez betetako bere lekua. Asko maite arren apaingarri bihurtuz gero ez du aurrera egingo. Konpromiso zehatzak behar ditu. Euskal herritarron arteko lokarri nagusi eta bizienetakoa izateraino.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.