Kutsu ia miragarria dute noizean behin ezustean harrapatzen gaituzten aurkikuntzek, ezagunak ditugun kronologiak aldatu edo janzten dituzten horiek. Oso noizean behin gertatzen dira honelakoak, baina oraindik asko dago hainbat arlotan estalpetik askatzeko. Aurrenekoz, lapurtera klasikoan argitara emandako euskarazko lehen liburuaren estraineko edizioaren ale bat topatu dutela jakin da duela egun gutxi. 'Doctrina Christiana' izenez plazaratu zuen Esteve Materrak 1617an Bordelen, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Aziti Bihia elkarteak Danimarkako Errege Liburutegian aurkitu du. Aipatutako hori Letren Fakultatean doktoretza tesia osatzen ari diren zenbait hizkuntzalari eta filologo gaztek osatu zuten duela bi urte, eta liburuaren 1623ko bigarren edizioa hartu zuten abiapuntutzat, Oxfordeko Bodleian Library izenekoan gordetzen den ale bakarra baliatuta. Halako batean Dorota Krajewska taldekideak ezusteko aurkikuntza egin zuen arte.
miércoles, 18 de febrero de 2015
Euskara idatziaren jatorrietara
Euskaraz idatzitakoen artean lehenengoetakoa da Materraren lana. Bere aurretik, Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' (1545), Leizarragaren 'Testamentu Berria' (1571), Betolatzaren dotrina (1596), 'Refranes y sentencias' deritzan bilduma, aurrekoaren urte berekoa, eta Elsoren dotrina baino ez daude. Azken honek galduta jarraitzen du, gainera. Bere aurrekoen zerrenda labur honek ezin hobeto adierazten du aurkitutakoaren garrantzia, gerora hainbat lan garrantzitsutan baliatuko zen euskalki literarioaren lehen urratsa izan baitzen. Materra frantziskotarrak Saran ikasi zuen euskara denbora gutxian, eta katolizismo ortodoxoa lekuan lekuko hizkuntzetan zabaldu asmoz jardun zuen Kontrarreformaren baitan.
Asko dira oraindik euskararen iraganarekin lotutako hutsuneak, bere jatorritik hasita. Zeuden zuloen artean bat estali da orain, idatzizkoari buruzkoa. Ikerlarien esku dago Materraren lehen aleetako bakar hau aztertzea, garai hartako lapurteraren eta honen bilakaeraren ingurukoak argitzeko. Hizkuntza bizi-bizia da euskara, eta ibilbide luzekoa. Idatzizko lehen iturrietara jotzeko aukerak orain arte jakindakoa asko aberastu eta azterbideetan sakontzen lagunduko du. Horregatik lortzen dute beti honelakoek hain oihartzun zabala adituen artean, mugarri direlako, hainbatetako saiakeren ondoriozkoak.
Oso atzekoari erreparatzeaz gain, euskararentzat garrantzitsuena gaur egungoa eta etorkizunekoa da. Normalizazio bidean egin beharrekoak dira desafio nagusia. Eta horretan badago zeregina. Bizitzako arlo guztietan komunikazio tresna baliagarri gisa erabiltzea da aurrera egiteko bide bakarra. Euskarak ezin baitu erlikia izan, aro digitalean munduan lekua izango duten hizkuntzetakoa baizik.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.