martes, 24 de febrero de 2015

Bizkaitar dohatsua

Erlijio munduan jatorria izanda badira horren mugak gainditu eta euren itzala gizarte osora zabaltzen duten pertsonak. Ez dago fededuna izan beharrik horiek egindako lana aintzat hartu eta goresteko. Bizkaian badira horrelakoak, eta otsailaren 23an 115 urte bete ziren horietako baten heriotza egunetik. Rafaela Ybarra lehen dohatsu bizkaitarra da, baina horra heltzeko bere garaian asko emandakoa izan zen, gutxien zuten emakumeei bizitza duina eskaintzeko ahaleginean batez ere. Honelako pertsonaiek gogora ekartzea merezi dute beti, egin zutena gaur egungo belaunaldiek ez ahazteko.
Ybarra Bilbon jaio zen 1843an, industria sektorean ziharduen familia batean. Gazte-gaztetan ezkondu zen Jose Vilallonga injeniari kataluniarrarekin, Bizkaiko Labe Garaien bultzatzaile nagusienetakoa izandakoarekin, eta zazpi seme-alaba izan zituzten. Hortik aurrera gogor ekin zion irakaskuntzarekin eta gai sozialekin lotutako bere lanari. Izan ere, XIX. mendean asko ziren hiriburura neskame modura etxeetan lan egitera joaten ziren neskak, eta horietako batek baino gehiagok prostituzio-etxeetan amaitzen zuen. Horren aurka tinko lan egin zuen Ybarrak, gazte horiei bizimodu hobea eskaini ahal izateko, eta emakumeen babeserako hainbat erakunderen bultzatzaile izan zen. Horrez gain, Deustuko Unibertsitatearen sorreran ere parte hartu zuen.
1894an berak eta beste hiru gaztek neska haien ama eta hezitzaile modura jardutea erabaki zuten, eta hortik sortu zen Aingeru Guardakoen kongregazioa. Bost urte beranduago lehenengo ikastetxe-egoitza zabaldu zuten, zeregin horri modu egokiagoan heltzeko. Baina Ybarra bere lana zelan borobiltzen zen ikusi barik hil zen, 1900ean. Gaur egun, fundazio horrek hogeita hamarretik gora harrera-etxe ditu Espainian eta Ameriketan. Bizkaiko Elizbarrutian, aldiz, 30 monja inguru dabil lanean, hezkuntza munduan eta babes gabeko adin txikiko eta gazteei prebentziozko eta laguntasunezko zerbitzua ematen.
Bilboko gotzaiak 1982an eskatu zion Joan Paulo II.a aita santuari Rafaela Ybarra altareetara goratzeko eta bi urte beranduago dohatsu egin zuten Vatikanoan. Oinarrizko giza eskubide asko urratzen zirenean bera bezalakoek gozotu zuten hainbat pertsonaren ibilbidea. Utzi zuten ondarea ez galtzea eta egin zutena gogoan izatea ezinbestekoa da. Askotan, urrunera jotzen dugu honelako gizon-emakumeen irakaspenak ezagutzera, hainbat eta hainbat etxe alboan ditugula ahaztuta.

             

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes