jueves, 22 de enero de 2015

Beka-eskabideak gainbehera, emakumeen artean

Somorrostro haranaldeko hogeita hamahiru gaztek jaso dute, Muñatones jauregian, Petrononorrek eta Repsol Fundazioak elkarrekin urtero eskaini ohi dituzten Lanbide Heziketarako bekak. Herriz herri, 18 abantoarrak, 13 muskiztarrak eta 2 Zierbenakoak. Den-denak, berriz, mutilak. Neskarik, ezta bat bera ere ez. Emakumeek ez dute, nonbait, buzo urdinik gustuko.


Orain hiruzpalau hamarkada, legez galerazota zegoen emakumeek petrolio-findegietan lan egitea. Debeku honek batere zentzurik ez zuenez gero, aldarri feministek lortu zuten legea aldatu eta emakumeak alboratzen zituen arau diskriminatzaileak gainditu. Ia berrogei urte geroago, aldaketa hura lortu zuten emakumeen alabak dira euren buruari eragozpenak jartzen dizkiotenak.

“North Country” (En tierra de hombres) da film ezaguna, non Josey Aimes (Charlize Theron) langileak mortalak eta bi ahalegindu behar duen burdina-meatzetako “gizon-munduan” lanpostu duinaz jabetu ahal izateko.

Somorrostro ere meatzalde nabarmena izan zen XIX. mendean. Oraindik ere hondartzetako hareak gorri dirau, duela ehun urteko metal-jalkieraren lekuko. Ez dakit nik zein neurritan izan ote zen gogorra meategietako bizitza eta ez dut uste, inondik ere, ondotik etorri zen petrolio-aroak eskualdeko langintza zaildu zuenik. Jakin badakit, ordea, teknologiek ez dituztela zereginak alferrik erraztu eta leundu, eta egungo edozein europar findegitan lanegiteko ez dela indar handirik behar, ez ahalmen fisiko nabarmenik, ez gorputzaldi berezirik. Alderantziz, lehen ez bezala, gaur egun behar den bakarra da sekulako trebakuntza aproposa. Hain zuzen, lan-arlo honetan ere, teknologia, arau zein molde-aldaketa guztiak gertatu dira gizonen eta emakumeen arteko aldeak murriztearen mesedetan.

Haatik, datuak ez doaz norabide horretan. Azken zazpi ikasturteotan 371 beka (846.420 euro) eman ditu Petronorrek. Mutilentzakoak izan dira 338 beka eta neskentzakoak, berriz, 33. Eta, besterik iruditu arren, emakumeen eskabidea ez da 2009tik hona gehitu, murriztu baizik.

Hona, emakume bekadunen sekuentzia, urtez urte: 4 (2009), 9 (2010), 15 (2011), 2 (2012), 2 (2013), 1 (2014) eta 0 (2015).

Bistan da emakumeak ez direla buzo urdinaren zale.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes