lunes, 15 de diciembre de 2014

Europaren energia-estrategiarik eza

Europar Batasunaren energia-politika, onenean ere, mugatu samartzat jotzeko ez da arrazoirik falta. Batetik, oso garbi omen ditugu, antza, kontsumo-xedeak eta isuri-murrizketak. Ez horren garbi, ostera, nondik arraio (eta zein preziotan) aterako dugun energia eta zein den –ezein baldin bada— elkarren arteko estrategia bateratua.


Europar Kontseiluak adostu berri du hamabost urte barrurako (2030) CO2 isuriak %40 murriztea, berriztagarriak %27 beste izatea, eraginkortasuna %30 gehitzea eta estatu-mugez gaindi argindar-loturak %15eraino heltzea.

Eztabaida izan daiteke elkarrekin erabakitako helburuak murritzak, beharrezkoak edo ezinezkoak ote diren, eta, zernahi delarik, beteko diren ala ez. Zalantzan ez dagoena da, ordea, nondik arraio aterako dugun behar izango dugun energia, ez baita inoiz aipatzen –are gutxiago eztabaidatu eta adosten-- energia-egitasmo bateraturik, elkarren arteko estrategiarik.

Argia isiotu, ur beroaren txorrota ireki edo ezantza hartzen dugun bakoitzean lar jabetzen ez bagara ere, europarrok kontsumitzen dugun energiaren %53a inportatu egiten dugu (petrolioaren %90, gasaren %66 eta ikatzaren %42). Nabarmena, berriz, Errusiarekiko menpekotasuna, inportazio guztien heren bat handik ekartzen baita; eta Errusia da, gainera, Europar Batasuneko sei herrialderen gas-hornitzaile bakarra.

Oinarrizko energiarik eza izugarria da Europan baina, behar bada, arazorik larriena ez da, nolabait esateko, kanpoan erosi beharra, prezioa kanpokoek jartzen digutela baizik. Eta "huskeriatxo" hau, merkatu-lehia irekian, mortala da.

Horrez gainera, gure hornitzaileek ez badituzte betetzen guk geure buruari jartzen dizkiogun baldintzak (isuriez, lan-kostuez, erauzketaz, haustura hidraulikoaz…) eta, bete ez arren, baldintzok betetzen ez dituen energia erosten badiegu ba… mortalak eta bi.
Kanpoko energiaren menpekotasuna, ehunekoetan

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes